Areto futbola

Ligako azken jardunaldian erabakiko da dena

Guaixe 2026ko maiatzaren 11

Jaenen kontra bukaeraraino borrokatu zuen Xotak, baina ezinezkoa izan zen eta arriskuan jarraitzen du. XOTA

Jaengo porrotagatik Xotak Cordobaren kontrako partidan borrokatuko du salbazioagatik, Anaitasunan. 

Osasuna Magna Xotak lehen mailako ligako azken jardunaldian borrokatuko du salbazioagatik. Azken aurreko jardunaldian talde irurtzundarrak Jaenen kontra jokatu zuen Andaluzian, eta 3-1 galdu ondoren, maiatzaren 16an Anaitasunan Cordoba Futsalen kontrako partidan erabakiko da talde berdeak lehen mailan jarraitu edo maila galduko duen. 

Jaitsiera postuetan dagoen Alzirak partida irabazi eta gero, Osasuna Magna Xota Jaen Paraiso Interior taldearen kontra irabazi beharrean zegoen salbazioa lortu ahal izateko. Jaen oso indartsu hasi zen, baina Xotak ongi eutsi zion, eta 15. minutuan Gustavo Marrak sartutako golari esker 0-1 aurreratu eta gauzak ongi hasi ziren Xotarendako. Baina atsedenaldira iristear zeudela, Jaenek bana berdindu zuen bozina gainean Estebanek jaurtikitako falta indartsuari esker. 

Bigarren zatian Jaen garaipena lortzera atera zen, play-offetan sartzea baitzuen jokoan. Osasuna Magna Xotarendako berdinketako puntua nahikoa zen lehen mailari eusteko. Xotak bere aukerak izan zituen, baina Ion Cerviñoren jaurtiketak langa jo zuen eta Jaengo atezain Espindola bikain aritu zen. Asier Llamas atezainak Xota ongi eutsi zuen, baina Geraghty eta Llamasek elkarrekin ongi ulertu ez zuten jokaldi batean Michelek Jaen aurreratu zuen, 2-1. Partida despeditzeko 5 minuturen faltan Imanol Arregik Pachu atezain jokalari jarri zuen. Aukerak sortu zituzten, baina Jaenek baloia berreskuratu zuen jokaldi batean Powerrek 3-1 ezarri zuen markagailuan eta horrela despeditu zen partida. 

“Hiru golak gure akatsak izan dira. Hala ere, bukaeraraino borrokatu dugu” azaldu zuen Imanol Arregik partida bukaeran. 

Lehen mailako 29. jardunaldia jokatuta, Barça da liderra (69 puntu), Illes Balearsi 3 puntu aterata (69 puntu). Osasuna Magna Xotak hamalaugarren jarraitzen du (24 puntu), jaitsiera postuetatik 2 puntura. 

Cordobaren kontra
Beraz, ligako 30. eta azken jardunaldian erabakiko da Osasuna Magna Xotak lehen mailari eutsiko dion ala ez. Esan bezala, talde berdeak Cordoba Patrimonio de la Humanidad maiatzaren 16an, larunbata hartuko du Anaitasunan (13:00). Xotak zaleei dei berezia egin die, berdeek guztien babesa behar baitute. 

Alzirak Manzanaresen kontrako partida galduko balu, Xotak salbazioa lortuko luke. Ligako partida guztiak ordu berean jokatuko dira, 13:00etan.