Astekaria

Xotak denon bulkada behar du

Maider Betelu Ganboa 2026ko maiatzaren 15a

Cordobaren kontrako partida erabakigarrirako zaleen babesa eskatu dute berdeek. XOTA

Talde irurtzundarrak lehen mailako salbazioa du jokoan ligako azken jardunaldian.

Osasuna Magna Xota areto futbol taldean ez dira betiko garai onenak. Asteburuan lehen mailako 30. eta azken jardunaldia jokatuko da, eta jardunaldi horretan salbazioa du jokoan Xota klub irurtzundarrak. Imanol Arregik hartu du lemazainaren ardura, baina lehen mailari eustea kolokan dago oraindik, eta urduritasun egunak dira talde berdean. 

Azken aurreko jardunaldian Jaenen kontra 3-1 galdu ondoren, Osasuna Magna Xota hamalaugarren da sailkapenean (24 puntu) Alzira hamabosgarrenetik eta jaitsiera puntuetatik bi puntura. Hortaz, Xotak eta Cordoba Patrimonio de la Humanidad taldeek maiatzaren 16an Anaitasunan (13:00) jokatuko duten partida hil ala bizikoa izango da: bertan erabakiko da dena. 

X-ren balioa
Xota 1997/1998 denboraldian igo zen ohorezko mailara, eta ordutik lehen mailari eutsi dio. Ez da lehen aldia aurtengo egoera berberean dagoena. 2022-2023 denboraldian azken jardunaldian lortu zuen salbazioa, eta 2000/2001 denboraldian ere bai. 

X letra garrantzitsua da Xotarendako, bere izena letra horrekin hasten baita. Kinieletan X markatzen da bi taldeen berdinketa adierazteko, eta hain zuzen ere Cordobaren kontra berdintzea nahikoa du Xotak salbazioa lortzeko. Nolanahi ere, Imanolen mutilak partida irabaztera aterako dira hasieratik. Horrekin ez dago zalantzarik. 

Xotak galduz gero, sailkapenean hamabosgarren eta arerio zuzena den Alzirak Manzanaresen kontra lortzen duen emaitzak erabakiko du nor salbatzen den. 

Bizitza dute jokoan
Imanolek oso argi du. "Azken jardunaldian bizitza dugu jokoan, ez dago besterik. Hori da lortu duguna, eta onartu beharra dago. Larunbatean Cordobari irabazteko eta lehen mailan geratzeko prestatu dugu aste hau. Ez gaude inoren mende; gurea egiten badugu, lehen mailan geratuko gara eta hala ez bada, jaitsiera merezi izango dugu". Ezin argiago azaldu. Berriro alde guztiei konpromisoa eskatu die. 

Zaleen babesa eskatu dute
Jakina da zale berdeak direla Xotaren seigarren jokalaria. Anaitasunak asko estutzen du, eta klubak zaleen babesa eskatu du, inoiz baino gehiago. "Larunbatean denok behar zaituztegu" eskatu du klubak sare sozialetan. Ziur zaleek ongi erantzun eta kluba babestuko dutela.