Irurtzungo Udalak aurtengo igerileku sasoiaren berri eman du. Itxesi igerilekuak noiz egonen diren zabalik jakinaraztearekin batera, erabiltzaileendako tarifen berri ere eman du, joan den urteko berak dira. Sasoiko abonamenduak honakoak dira: 0 eta 4 urte arteko umeek sarrera dohainik izanen dute, 5 eta 14 urtekoek 35 euro ordaindu beharko dituzte, 15 eta 17 urte artekoek 67 euro, 18 eta 65 urte artekoek 91 euro eta, azkenik, 66 urtetik aurrerakoek 35 euro. Langabetuek, errenta bermatua edo gutxieneko bizi diru sarrera jasotzen dutenek tarifen erdia ordainduko dute. Horretarako, eskaera aurkeztu beharko dute udaletxean.
Igerilekuko bazkideak direnei kontu korrontean kargatuko diete zenbatekoa garagarrilaren 5ean. Bazkide izan eta baja eman nahi dutenek horretarako maiatzaren 31ra arte izanen dute. Eta ordainketak helbideratu nahi dituztenek udalari eskaera aurkeztu beharko diote kontu korronteko zenbakiaren berri ematearekin batera.
Bestelako tarifak
Abonamenduen berri ematearekin batera, Irurtzungo Udalak eguneko sarreren eta hamabost eguneko txartelen prezioen berri eman du. Eguneko sarrerei dagokionez, bost urte arteko umeek sarrera dohainik izanen dute, 5 eta 14 urte arteko haurrek eguneko sarreragatik 5 euro ordaindu beharko dituzte, 15 eta 65 urte artekoek, berriz, 8 euro eta 66 urtetik gorakoek eguneko txartelagatik 5 euro ordaindu beharko dituzte.
Hamabostaldiko txartelen prezioak honakoak dira: 5 urtera arte doan, 5 eta 14 urte artekoena 30 euro, 14 eta 65 urte artekoena 50 euro eta 66 urtetik gorakoena 30 euro.