Pilota

Irurtzunek ezingo du Herrien Arteko txapela defendatu

Maider Betelu Ganboa 2026ko ekainaren 2a

Irurtzun, 2025ean Nafarroako Herrien Arteko Txapelketa Absolutua irabazi zuenean, sanferminetan, Labriten. UTZITAKOA

Nafarroako Herrien Arteko Pilota Txapelketa Absolutuan izan du talderik atera.

Irurtzunek iaz Nafarroako Herrien Arteko Txapelketa irabazi zuen maila absolutuan, baina aurten ez dute txapela defendatuko. Ustekabeko handia. "Pena handiz, ezin gara lehiatu. Nafarroako Herrien Arteko Txapelketan Irurtzun gisa aritzeko, gure pilotariek Irurtzunen erroldatuta egon behar dute, edo, bestela, euren lehen kluba Irurtzun izan behar da, hau da, Irurtzun klubeko fitxa izan behar dute. Nafarroako Herrien Artekoan kadete, jubenil eta senior mailan lehiatzen da, eta arazoa senior mailan dugu. Gure pilotariak urteak betetzen doaz, eta helduen mailan dauden pilotariek pilota utzi edo dagoeneko ez dute jokatzeko gogorik. Pena handia da, klubarendako batez ere, baina taldea osatzea ezinezkoa izan da, eta aurten Herrien Arteko maila absolutuan ez dugu jokatuko. Txikien mailan lehiatuko gara" azaldu du Miguel Beraza Irurtzun klubeko arduradunak. 

Sakana gisa, ezinezkoa
Irteeren bila aritu dira Irurtzunen. "Nik, klub gisa, Nafarroako Euskal Pilota Federazioari eskatu izan diot maila absolutuan Sakana gisa lehiatzen uzteko, Sakanak arazo larria duelako: zenbait pilota talde desagertu dira eta beste batzuetan soilik haurrak dituzte, baina helduen mailan ez dute jenderik eta ezin dira txapelketara atera. Altsasu eta Arbizu, adibidez, Herrien Arteko Txikien Txapelketan lehiatuko dira, baina ezin dute maila absolutuan talderik atera, guri aurten gertatu zaiguna". Irurtzun klubak iaz eta aurten maila absolutuan Sakana gisa ateratzea eskatu zion federazioari, "baina ezezkoa jaso dugu. Sakanako herriak kontzejuak bagina, Baztanen kasuan bezala, ez genuke arazorik izango, baina Sakanako herri gehienak udalak direnez, ez digute uzten. Pena da, Sakana gisa talde indartsua izango genukeelako, baina ez digute uzten".