Lehen maila autonomikoko kopako finala maiatzaren 30ean jokatu zen, 16:30ean. Irurtzungo Xotak eta Antsoaingo Gazte Berriak taldeak jokatu zuten finala tentsio handikoa izan zen, oso borrokatua. 9. minutuan Gazte Berriak aurreratu zen, baina hurrengo minutuan Xotako Alain Moralesek bana berdindu zuen. Partidak oso estu jarraitu zuen. 31. minutuan Imad El Ougdik 2-1 aurreratu zuen Xota, berdeen gozamenerako. Partidak estu-estu jarraitu zuen, eta estuago bilakatu zen 55. minutuan Gazte Berriak-ek bina berdindu zuenean. Azken minutu eroetan denetariko jokaldiak sortu zituzten bi taldeek. Zorionez, 59. minutuan Asier Astizek garaipenaren gola sartu zuen eta 3-2 irabazita Xotak kopa ekarri zuen etxera, ilusio handiz ospatu zutena.