"Idazten dudanean, aurrekoetan ere gertatu zait, edo nire bizitzan zerbait garrantzitsua gertatzen zaidanean momentu horretan entzuten dudan abestia niri buruz ari dela pentsatzen dut. Nik uste askotan gertatzen zaigula. Orduan, idazten nagoenean askotan gertatzen zait kanta bat entzun eta istorioarekin lotzen dut". Azken nobela idazten ari zela Nerea Balda Sanjuani bi abestirekin gertatu zitzaion: "Hasieran Esanezin taldearen Oraindik abestia atera zen eta iruditu zitzaidan erabat kontatzen zuela protagonistaren istorioa". Ondoren, Gorka Urbizuk Janela bat kanta atera zuen, "eta horrelako zerbait gertatu zitzaidan; beste kanta hasierarako soinu banda zen eta hau bukaerarako". Izenburu bila ari zela "hori etorri zitzaidan" eta ezin izan zuen beste ezer ikusi.
Kantaren egilearen oniritzia jasota, Zure arnasa zaintzeko deitzen da idazle irurtzundarraren eleberri berria, eta ekainaren 9an Donostian eta 11n Irurtzunen aurkeztu zuen. Donostiako aurkezpenean Uxue Razkin Erein argitaletxeko editoreak azaldu zuenez, "izenburutik argi gelditzen zaigu musika eta literatura elementu garrantzitsuak izango direla istorio honetan".
Zure arnasa zaintzeko lanak Ramiro Pinilla eleberri laburren saria jaso zuen, editoreak gogoratu zuenez, "Getxo Kultura eta Pinillesca taldeak bultzatzen du eta Getxo kulturarekin dugun hitzarmenari esker Ereinek euskarazko eleberri irabazlea kaleratzen du urtero". Aritz Galarreta, Itsaso Martin eta Irati Jimenez izan ziren epaimahaia eta lan irabazleari buruz esan zuten egiileak familia baten unibertsora ez ezik, ezaguna den unibertso batera ere lekualdatzen duela publikoa; "estilo garden, sentikor, sinesgarri eta umoretsu batekin. Pertsonaiekiko enpatia sortzeko gai dena". Ama eta alabaren arteko harreman konplexuak eta nerabezaro hain konplexuaren gorabeherak ulertzeko eta adierazteko gaitasun handia duela gaineratu zuen epaimahaiak.
Zaintza
Erdigunean edo azalean agertzen den trama amaren eta alabaren arteko harreman "konplexua" den arren, trama ugari daudela azaldu zuen Razkinek, "inguruan beste pertsonaia batzuk daude, oso interesgarriak, Alice emakume misteriotsua, Demetrio edo Nunkui, adibidez; "haien istorioak bikain harilkatu ditu Nereak".
Ramiro Pinillako antolatzaileei eta Ereini eskerrak ematen hasi zuen idazleak Donostiako aurkezpena: "Sari banaketan esan nuen bezala, nire ibilbide literarioan erabateko garrantzia izan du lehiaketak nire hiru liburuak horri esker atera direlako aurrera, eta argitaletxea ere aurrekoarekin aukera eman zidaten eta honetan ere hala izan da".
"Zaurgarritasuna eta erresilientziaz mintzo naiz liburu honetan". Zaintzaren gaia lehen lerrora ekarri nahi izan du: "Zaintzaren gazi gozoak, nolabait esateko. Zaintza modu orokor batean: bai seme-alaben bai helduen zaintza bai nolabaiteko komunitatearen zaintza edo norberaren zaintza, inportantea ere". Amatasunari buruzko irakurketa eta idazketa tailer bat ematea tokatu zitzaion eta 2023an azaroan izan zen zaintza aldarrikatzeko greba orokorrean horren inguruko tailer bat antolatzea eskatu zioten, "testuak irakurri nituen eta giro horretatik atera zitzaidan ideia eta abiapuntua". Bere inguruko egoera bat, gertuko zuen egoera bat, hartu zuen: ama eta alabaren arteko harreman hori, "eta zaintza horrek dituen aldeak". Gero beste gauza batzuk etorri zirela kontatu zuen idazleak.
"Protagonistak ama ona izan nahi du, eta gauzak ongi egin nahi izate horretan hanka sartzen du"
Ama eta alabaren arteko harreman horretan protagonistak "ama perfektua" izan nahi duela azaldu du Baldak: "Ama ona izan nahi du, gauzak ongi egin nahi ditu, eta gauzak ongi egin nahi izan horretan hanka sartzen du". Eleberrian berak nola daraman hori kontatzen da, "nola bizi duen egoera hori, hanka sartze horiek". Lagun batek irakurri duela eta pertsonaia definitzeko antiheroia erabili zuela aipatu zuen irurtzundarrak: "eta egia da horretan ez dudala pentsatu, baina bada definizio bat izan daitekeena".
Literatura eta musika
Bestelako pertsonaietan, editoreak aipatu bezala, Alice dago: "Momentu batean horrelako topaketa bat izango du protagonistarekin. Ez daki nondik datorren eta liburuei esker elkartuko dira". Protagonista liburuzaina da, eta bien arteko topaketak liburuen bitartez izango da: "Liburuen bitartez hurbiltzen dira; protagonistak liburuak gomendatzen dizkio eta trukean Alicek kantak ematen edo erakusten dizkio". Liburuan agertzen diren eta gomendatzen diren liburuak Literatura Unibertsaleko liburuak dira, "gaur egun euskaraz irakur daitezkeenak", Baldak gaineratu duenez. Alicek gomendatzen dizkion kantak ere gaur egungo euskal musika da. "Nolabaiteko elkarrizketa sortzen da bata eta bestearen artean eta harreman horren buelta eraikitzen dute".
Beste bi pertsonaiak, agurea eta bere zaintzailea, erresilientzia kasua bezala ikuste ditu Baldak: "Seguraski haiek dituzten arazoak modu erlatiboan begiratuta protagonistarenak baino potoloagoak dira, eta horretaz konturatzen da. Baina kontua da nola egiten dioten aurre". Baita protagonistak eta besteek nola bizi dituzten ere: "Horixe da pixka bat pertsonaia guztien artean sortzen den sare bitxi xamar bat eta nola harremanak mugitzen diren bata bestearen artean eta elkarri laguntzen diote".
Kezkak
Kazetarien galderei erantzunda, XXI. mendeko ama eta alabaren harreman bat kontatu duela esan zuen Baldak: "Probestu dut nik ere kezkatzen nauen zerbait azaleratzeko, esate baterako, pantailen erabilera, sare sozialen erabilera, jazarpena... Gaur egungo gaiak direnak azaleratzeko". Liburuko ama kezkatuta dago telefonoaren gehiegizko erabilerarekin, "eta nik uste gaur egungo arazo bat dela". Idazleak hogei urte daramatza nerabeekin lanean eta orain ere gertutik bizi izan du, "eta gaur egungo kezka bat da". Bestetik, nerabezaroaren "betiko" aldaketak eta kezkak ere aipatzen dira: "komunikazioarena eta batzuetan oso heldu eta bestetan oso haur direla".
