1 Nolaz gereziondoak?
Gogoratzen nintzen txikitan zein gustura jaten nituen anpolaiak. Lekua nuenez, Iruñera joan eta landarea ekarri nuen. Lehenengo bat, 1984an. Baina esan zidaten beste bat ondoan izatea ona zela. Hamar urtetara jarri, eta gauzak ongi dijoaz.
2 Zaintzeko aholkurik jaso zenuen?
Kia. Lurrean jarri eta berez hazi zen. Ez dut gogoratzen noiz, baina anpolaiek jaten nahiko azkar hasi ginen.
3 Izotzarekin, zer moduz?
Nonbait ongi babestuta daude, bat bestea baino gehiago. Izoztu direnik ez dut nabaritu inoiz. Beti ekarri dute. Urte batzuetan gutxiago, beste batzuetan gehiago. Baina ugari, jendeari ere emateko. Gustura gelditzeko.
4 Eta txoriekin?
Txoriek jatea ez dago gaizki. Horiek duten kantua aditzeagatik bakarrik utzi dakieke jaten. Baina urte batzuk izan ziren txori guztiak hona etorri zirela ematen zuela. Sareak eta CD zaharrak jarri, baina horiek ez zuen indar handiegirik. Bere kasa utzi eta zozoak etortzen dira. Kantuan oso politak dira, eta elkarrekin ondo joaten gara.
5 Klima aldaketarekin zerbait nabaritu duzu?
Betiko martxa. Nik ikusi, hartu, ukitu, eta ona badago, jan! Gainontzean, nik ez dakit. Sistema? Ez naiz fidatzen. Gainera ez naiz gogoratzen. Pozoia botatzea ez zait batere gustatzen. Berak bere kasa eginen du egin behar duena.
6 Orain da gerezi garaia, ezta?
Bai. Batek besteak baino lehenago ematen du, badirudi gure tamainan eginda dagoela. Lehenengo anpolai hori maiatza erdialdetik aurrera etortzen da. Aurten ez ditu hainbeste izan. Heldu diren heinean jan ditugu. Bigarrena orain heldu da, garagarrilaren 10ren bueltan, mahatsa bezala du. Jendeari emateko biltzen ari naiz. Eta lagun batzuei hartzera etortzeko esan diet. Zeren pena ematen du halako gauza ederra alferrik galtzea.
7 Zer zapore dute?
Batek oso gozoa. Zaporea hartzeko modukoak dira: ahoan sartu eta pof. Lehertzen dira, eta gozotasuna. Besteak gazigezak dira, baina gustagarriak, oso.
8 Urte batzuetan asko ematen dute, besteetan ez. Zergatik?
Ideiarik ez daukat. Zuhaiztxoak txiki zirela ekarri genituen, baina handitu dira. Handik begiratuta, nire artean esaten nuen: "zuhaitz horiek duten itxurarekin, etxe horretan zein gustura bizi behar duten!" Baina handiak egiten ari ziren. Bazterreko horren adarrak teilatuan jotzen hasi zen. Esan nuen: "nagusia ni naiz eta nahi ditudan bezala jarri behar dizkiat". Nola egin ez nekienez Lekunberriko kimatzaile bati hots egin nion. Esan nion: "hi, lana ondo egin zak! Hemendik jende asko pasatzen dek. Eta ondo egiten badek hots eginen diate". Eta horixe gertatu zen. Berak esan zidan bizpahiru pertsonak esan ziotela: "aizu! Nik bazeuzkat fruta arbolak, nirera etorri behar duk kimatzera".
9 Zuretako zer da gereziz betetako platerkada bat mahai gainean?
Niretako da gogoan hartzea txikitako gozotasun hura. Berriz ekartzea. Eta nik amestutako gauza bat zahartutakoan gertatzea. Gozatu umeak bezala anpolaiek lapurtzean. Orain, ni nagusi naizela, gauza haiek gozatzen ari naiz. Eta bai, txikitan bi txortenekoak belarritan jarri izan ditut. Halakoak ugari egin izan ditut. Ederra izan zen garai hura.
10 Gerezi garaia joan ondoren, arbolak zer moduzko itzala ematen du?
Biluzik bezala gelditzen dira. Ez dute itxura polita, baina beti martxan daude. Eta horrek bizia nolakoa den erakusten du. Bero latza dagoenean azpian oso fresko egoten da eta ni gustura egoten naiz. Hazia eman ondoren hostoak handitu egiten dira. Gero haiek jasotzea izugarrizko lana da, baina hori da tokatzen dena.
11 Merezi du gereziondoak izatea?
Ni oso pozik nago. Poztasunik handienetako bat da txikitan gustatutako hura zahartu eta gero, lapurretan ibili behar gabe, disfrutatzea.