Areto futbola

Baja garrantzitsuak Osasuna Magna Xotan

Maider Betelu Ganboa 2026ko ekainaren 11

Taldeak lau baja ditu dagoeneko. XOTA

Pachu, Korsun, M. Riveras eta Juan Pablo Cuello jokalariek ez dute talde berdean segituko.

Osasuna Magna Xotako jokalariak oporretan daude, baina klubeko zuzendaritzan lanak ez du etenik. 2026/2027 denboraldia prestatzen daude, aldaketak datoz, eta lehen erabakien berri eman dute. Momentuz lau dira talde berdean jarraituko ez duten jokalariak: Juan Pablo Cuello, M. Riveras, Korsun eta Pachu. Guztiek eskerrik beroenak eman dizkiote talde irurtzundarrari eta klubak euren lana eskertu eta onena opa die. 

“Pribilegio hutsa izan da armarri hau eta lurralde hau hiru urte hauetan defendatzea” azaldu du Pachuk, “oroitzapen oso onak” gordeko dituela gaineratuz. 

Ihor Korsunek ildo beretik hitz egin du. “Munduko ligarik onenera iritsi nintzen eta bi urte zoragarri bizi izan ditut Xota bezalako klub handi batean. Zoriontasun uneak eta une zailak bizi izan ditugu, nirekin eramango ditudanak. Eskerrik asko zuzendaritzari, teknikariei, administrariei, jokalariei eta, noski, zaleei, beti gure alboan izan ditugulako. Onena opa diot Xotari”. 

M. Riveras neguko merkatuan iritsi zen Xotara, baina ez hegal argentinarrak ez du jarraituko. “Eskerrak eman nahi dizkiet zaleei, zuzendariei eta teknikariei, bereziki Jesusi, Zalari, Aritzi eta nire taldekideei. Hemendik aurrera klub honek Xotako zale bat izango du distantzian, Argentinan. Eskerrik asko munduko ligarik onenean jokatzeko aukera emateagatik”.

Juan Pablo Cuello argentinarra iazko udako merkatuan iritsi zen Xotara, denboraldi baterako. “Hasieran planteatu genituen helburuak ez ziren bukaerako borrokan izan genituen berberak. Hala ere, guztia eman genuen klubak merezi duen tokian egoten jarraitzeko. Xotako estamentu guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkiet: utillaria, fisioak, jokalariak, talde teknikoa, zuzendaritzako kideak eta denboraldi guztian lagundu zigutenak, gauzak ongi ateratzen ez zirenean ere bai”.