Areto futbola

Ramon Lazaroren kirol ustelkerien kasuak Xota bete-betean harrapatu du

Guaixe 2026ko ekainaren 12a

Tatono Arregi eta Ramon Lazaro, Osasuna Magna Xotak eta Ribera de Navarrak jokatutako derbian. XOTA

Tatono Arregik azalpenak emango ditu.

Areto futbola hankaz gora jarri duen berria gertatu zen ekainaren 8an, astelehenean: Ramon Lazaro Corellako enpresaria, Ribera de Navarra klubeko eta CD Tudelanoko presidente ohia, ustelkeria trama batean inplikatuta omen dagoelako atxilotu zuen Polizia Nazionalak, bere amarekin batera, Europolekin eta Interpolekin egindako operazio batean. Tuterako epaileak behin behinean aske utzi zituen ekainaren 10ean, baina enpresaburuak hil bakoitzeko 1ean eta 15ean agertu beharko du etxetik hurbilen duen epaitegira. Halaber, pasaportea kendu diote eta ezingo du espainiar estatutik atera. 

Hainbat delitu leporatzen dizkiete: talde kriminaleko kide izatea, partikularren arteko ustelkeria, iruzurra, bidegabeko jabetzea, kapitalak zuritzea, diru laguntzetan iruzur egitea, dokumentuak faltsutzea eta ondasunak ostentzea. Besteak beste, partiden emaitzetan iruzurra egitea, bere areto futbol klubetatik dirua hartzea bere aberastasun propiorako, eta apustu ilegalak egitea leporatzen zaio Ramon Lazarori. Epaiketa autoan telefono entzuketak, whatsappak, mezuak eta banku mugimenduak jasotzen dira. 

Epaileak hiru futbol partidetan iruzur egitea leporatzen dio, 2023-2024ko Ribera Navarra-Palma Futsalen artekoa (Riberak 6-3 irabazi zuen) eta aurten jokatutako Tudelano-Oviedo B eta Tudelano-Ejea partidak. 

Xotaren erosketa
Honek guztiak Xota kluba bete betean hartu du. Autoan jasotzen diren telefono entzuketen artean, apirilaren 26an Ramon Lazarok eta Xotako kudeatzaileak izandako elkarrizketa bat dago. Bertan, Lazarok konfirmatzen du 225.000 euroko diru laguntza bat jaso duela, eta Osasuna Magna erosteko  kontratua errebisatu eta gero, maiatzaren 31n 100.000 euroko ordainketa bat egin beharra duela ohartu dela, eta, beraz, hura ordainduta soilik 35.000 euroko ordainketa egitea geratuko zitzaiola. Xotako kudeatzaileak esaten dio diruz gaizki daudela, eta Lazarok 135.000 euroko ordainketa egiten du klubaren erosketa guztia formalizatuz. Entzunketa horren aurrean, epaileak ondokoa jasotzen du epaiketa autoan: “hortaz, nabari du agerikoa dela Lazarok kobratzen duen diru laguntza beste areto futbol klub bat erosteko erabili behar duela, Osasuna Magna, Xota bezala ezaguna”. 

Tatonok hitz egingo du
Osasuna Magna Xotako presidente Tatono Arregik prentsaurrekoa deitu du ekainaren 12an, ostirala, 10:00etan. Epaiketaren autoan Xotari buruz egiten diren erreferentziak argituko ditu Tatonok.