Ramon Lazaro Corellako enpresariaren ustezko ustelkeria tramak Xota bete-betean harrapatu du. Ribera de Navarra klubeko eta CD Tudelanoko presidente ohia ekainaren 8an atxilotu zuen Polizia Nazionalak, Europolekin eta Interpolekin egindako operazio batean. Talde kriminaleko kide izatea, partiden emaitzetan iruzurra egitea, bere areto futbol klubetatik dirua hartzea bere aberastasun propiorako, eta apustu ilegalak leporatzen dizkiote.
Kontua da Ramon Lazaro enpresaria Xota klubeko inbertsoreetako bat dela. Epailearen autoan denetariko telefono entzuketak azaltzen dira, eta tartean Ramon Lazarok eta Xotako kudeatzaileak izandako elkarrizketa bat zegoen, ordainketaren inguruan. Bertan, Lazarok konfirmatzen du 225.000 euroko diru laguntza bat jaso duela, eta Osasuna Magna Xotarekin zuen kontratua errebisatzen ari zela, maiatzaren 31n 100.000 euroko ordainketa bat egin behar zuela konturatu zela, eta transferentzia egingo zuela. Haren inguruan aritzen da. Epaileak autoan jasotzen duenez, “nabari du agerikoa dela Lazarok kobratzen duen diru laguntza beste areto futbol klub bat erosteko erabili behar duela, Osasuna Magna, Xota bezala ezaguna”.
Inbertsoreen bila
Honen guztiaren aurrean azalpenak ematera azaldu zen Xotako presidente Tatono Arregi. “Klubak ez du ezkutatzeko ezer”. Horiek izan ziren bere lehen hitzak. Tatonok gogoratu zuen klubak inbertsore bat bilatzen zuela, juntako kideen egoeragatik, denak edadetuak zirelako eta osasun arazoak eta nekea zutelako, desgastea, eta arazo ekonomikoak. “2021ean, pandemia tartean, klubak 800.000 euroko zorra zuen, juntako kideko bost pertsonek abala eman eta gure gain hartu genuena. Gure helburua zen geratzen zitzaigun gutxia, 170.000 euro, saneatzea. Beraz, irtenbide ekonomiko bat bilatu beharra genuen, inbertsore berriak”.
Arregik azaldu zuenez, lau inbertsore posibleekin bildu ziren, eta eurekin konfidentzialtasun kontratuak sinatu zituzten. Horietako bat zen Lazaro. Ramon Lazaroren kontrako epaiketaren autoan jasotzen denaren inguruan, Tatono Arregik azaldu zuen momentu horretan “ez zutela maiatzekoa ordaintzeko adina ere, hori zen egoera”. Lazarorekin Xotako zuzendaritza juntan erreleborako aukera eta konpromisoa jasotzen zuen kontratua sinatu zutela gaineratu zuen, eta berarekin hitzartutako diru kantitatea denboraldiko gastuak eta zenbait zor ordaintzera bideratuta zegoela. Tatonok nabarmendu zuenez, kontratu hori ez zen behin betikoa, zenbait baldintzetara lotua zegoelako, eta, hortaz, atzera egin edo lehengoratu ahal zela.
Ramon Lazarok Xotari ordaintzeko diruaren jatorriaz ez dakitela ezer argi utzi nahi izan zuen Tatono Arregik. “Hori ez da Xotaren arazo bat”. Klubeko kudeatzaileari babesa azaldu zion, eta Xota irabazi asmorik gabeko elkartea dela berretsi zuen, saldu ezin dena. “Ez dugu ezer egin eta ez dugu ezkutatu beharrik. Guk jarraitzen dugu Xotaren jabetza, kontrola eta kudeaketa izaten”.
Klubaren ibilbidearen defentsa
Klubaren ibilbidea defendatu zuen, eta Ramon Lazaroren ekarpen ekonomikoak klubean ez duela inolako jokaera irregularrik izan argi utzi nahi izan zuen. “Legedia zehatz eta mehatz bete dugu beti, sare sozialetan esaten ari diren falaziak ukatzen ditut. Ez da inolako praktika irregularrik izan alor ekonomikoan, kirolekoan edota administratiboan. Zorroztasunez esaten dut, inoiz ez dugu ezer arrarorik egin”.
Azkenik, egunotan jasotako jende askoren babesa eskertu zuen Tatonok. “Poliziak Ramon Lazaroren eta Xotaren artean jasota dituen deietan ez da, Xotaren aldetik, ezer arrarorik ikusten. Guk soilik gure legatuak eta ondareak jarraitzea nahi genuen, ahalmen ekonomikoa duten inbertsoreak sartzea, nekatuta eta adinez nagusi gaudelako”.