Astekaria

"Sari borobila izan zen: afaltzera gonbidatu gintuzten laurak"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko ekainaren 25a

Maitane Alzueta Galarzari bidalitako postalak saria eman zion joan zen urtean.

Pikuxar euskal txokoak, atzera ere, euskarazko postal lehiaketa antolatu du. Irailaren 13ra arte jasotakoen artean bi afari zozketatuko dituzte. Joan den urteko sarituetako bat da Maitane Alzueta Galarza. 

1 Nondik bidali zenuen postala? 
Kantabriatik, han geunden oporretan joan zen urtean.

2 Zenbat balio du postal batek?
Galdera ona. Ez dakit. Bi euro inguru? Ez daukat ideiarik. Postalak erostea erraza da, baina zailagoa zigilua lortzea. Eta zigiluak? 35 zentimo? Ez dakit. Estankoetan saltzen dituzte. Postalak saltzen dituzten toki batzuetan izaten dituzte zigiluak, baina halako oso toki gutxitan daude.

3 Postontzia erraz opatu zenuen? 
Ez dut gogoratzen. Askotan gertatu izan zaigu: postala toki batean erosi, idatzi, zigilua beste toki batean erosi eta postontzia, auskalo non. Badira urte batzuk parte hartzen dudana. Behin parte hartu ondoren, hurrengo urteetan alabak postal lehiaketaz gogoratzen dira, eta haiek proposatzen dute postala bidaltzea. Joan zen urtean haiek idatzi zuten testua. Eta postalean lau sinadura daude oporretan laurak geundelako, eta, horrela, laurok parte hartu genuen. Eta postala helbide honetara bidali genuen: Pikuxar, Lizarra 3, 31860, Irurtzun. 

4 Aurten ere?
Jakina. Aurten, agian, bat baino gehiago. Arauetan mugarik jartzen ez duenez, eta hain sari ona denez, behin baino gehiagotan saiatu behar da.

5 Joan den urtetik idatzi duzu beste postalik edo kartarik?
Joan zen urtean bat eta bakarra. Eta ordutik ezer ez idatzi, ez postalik, ez kartarik erosi. Ezta zigiluak erosi ere. Eta jaso, karta gutxi batzuk jaso ditut: medikuarekin txanda noiz dugun iragartzen dutenak, eta Mankomunitateko fakturak.

6 Eta oporretan joaten ez direnak, postal lehiaketan parte hartzeko aukera dute?
Bai. Egun pasa joaten bazara, edozein tokitatik postala bidaltzeko aukera dago. Edo norberak diseina dezake eta postal horrekin lehiaketan parte hartu.

7 Lehiaketara aurkeztutako postalak irakurtzeko aukera du jendeak?
Ez dut galdetu. Baietz pentsatzen dut. Beti ere, tabernariak momentu horretan lan gehiegi ez badu...

8 Eta nondik bidaltzen dituzte?
Estatutik. Eta urrutiagoko beste batzuk ere badira.

9 Postal guztiek forma bera dute?
Badaude luzexeagoak diren batzuk, baina gehienak betikoak dira, laukiak.

10 Sariak banatzeko nola egiten dute?
Zozketa bidez banatzen dira bi sariak, bi afariak. Jasotako postal denak poltsa batean sartzen dituzte eta handik bi ateratzen dituzte. Bidali dituztenei Pikuxarren afari batean gastatzeko 50 euroko saria ematen zaiela uste dut. Sarien zozketa Bertako ganadu azokako egunean egiten dute. Saridunek saria urtea despeditu aurretik jaso behar dute. Sari borobila izan zen: Pikuxar euskal txokoan afaltzera gonbidatu gintuzten laurak.  

11 Momentu honetan zertan zaude pentsatzen, oporretan edo postal lehiaketan?
Oporretan. Eguraldi ona dago eta opor giroa dago.