Klima babesleku bakarra dago Sakanan

Guaixe 2026ko ekainaren 19a

Sakanako ikuspegia Erga menditik. ARTXIBOA

Foru administrazioak Nafarroako klima babeslekuen erregistroa sortu du eta bertan ibarreko espazio bakarra dago: Irurtzungo egoitza bat. 

Ingurumen Departamentuak herritarren eskura jarri du Nafarroako klima babeslekuen erregistroa.  Babesleku klimatikoek baldintza erosoak eskaintzen dituzte egoera meteorologiko txarretan, besteak beste, gero eta ohikoagoak diren bero-boladak. Izan ere, Nafarroan bero boladen kopurua bikoiztu egiten da 1961-1990 alditik 1991-2019 aldira, eta 2021-2050 aldian berriro bikoiztea aurreikusten da.

Hainbat erakunderen txostenek erakusten dutenez, fenomeno horiek kalteak eragiten dizkiote osasunari, baina, neurri batean behintzat, prebentzio-neurriekin aurre egin dakieke, partzialki bada ere. Prebentzio lan horren ondorio dira bai klima babeslekuak, bai erregistroa bera. 

Erregistroa ekimen irekia da, eta, oraingoz, sarbide publikoko 70 babesguneri buruzko informazioa jasoko du, Nafarroako 31 udalerritan banatuta. Horien guztien berri jasotzen duen webgunea labur.eus/3ehe1af8 webgunean kontsulta daiteke. Mapan kokatuta daudenen artean Irurtzungo San Martin jubilatu elkartea dago. 

Erregistroan dauden babeslekuak ez dira nahitaez berriak, gehienak lehendik zeudenak baitira, baina haiei buruzko informazioa leku bakar batean biltzen da orain, departamentuak koordinatutako bilketa eta hedapen lan batean. Horretarako Udal eta Kontzejuen Federazioaren eta Nafarroako toki entitateen laguntza izan du. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak gainerako toki erakundeei beren klima baleslekuen berri emateko gonbidapena egin die. Horien berri cambioclimatico@navarra.es e-posta helbidera bidal dezakete.