Ramon Lazaro kasuaren eztandak bete-betean harrapatu du Xota eta ordutik ez da giro klub berdean. Zorionez, nesken lehen maila autonomikoko Xota A taldeak zoriontasun apur bat ekarri du Tatono Arregik gidatzen duen klubera, nesken senior taldeak historia egin baitu: Xota A mailaz igo da, eta bigarren mailako taldea da.
Xota A-k denboraldi ikusgarria egin du. Nesken lehen maila autonomikoko lehen fasean, lehen multzoko lider izan zen, jokatutako hamabi partidetatik hamaika irabazita eta bat galduta. Bigarren fasean, igoera faseko multzoan jokatu zuen Xota A-k eta jokoan zeuden hamalau jardunaldiak irabazi zituen, sekulako erakustaldia eginez.
Arerioa, Inter Sala 10 Zaragoza
Horrela, bigarren maila nazionalera igotzeko fasea jokatu zuten irurtzundarrek. Inter Sala 10 Zaragoza izan zuten arerio. Joaneko partida Zaragozan jokatu zen eta 1-4 gailendu ziren irurtzundarrak, partida oso serioa jokatuz. Leire, Alazne (2) eta Bari izan ziren golegileak.
Itzuliko partida ekainaren 20an jokatu zuten, Atakondoan. Partida estua izan zen, sufritutakoa. Hala ere, irurtzundarrak bikain aritu ziren eta 3-1 gailendu ziren, Alaznek, Maiderrek eta Leirek sartutako golei esker.
Beraz, Inter Sala 10 taldea mendean hartuta, mailaz igotzea lortu dute irurtzundarrek eta datorren denboraldian bigarren maila nazionalean jokatuko dute, guztiz merezita.