Areto futbola

Xotak Prime Futsal Liga berrian egongo dela baieztatu du

Guaixe 2026ko uztailaren 2a

Nahiz eta zenbaitzuk zalantzan jarri, Xotak lehen mailan jarraituko du, formatu berriko liga berrian: Prime Futsal Liga. XOTA

Lehen mailako areto futbolera iraultza iritsi da. Formatu berria izango duen ligan talde irurtzundarrak Jaen Paraiso Interior hartuko du Irekiera faseko lehen partidan, irailaren 13an

Ramon Lazaro Corellako enpresariaren ustezko ustelkeria tramak Xota bete-betean harrapatu du, Ramon Lazaro Xota klubeko inbertsoreetako bat baitzen. Xotako presidente Tatono Arregik argi utzi zuen Xotak legedia “zehatz eta mehatz” bete duela beti. “Ez da inolako praktika irregularrik izan arlo ekonomikoan, kirolekoan edota administratiboan”.

Hala ere, Xotarekin zer gertatuko ote den, denetariko zurrumurruak zabaldu dira, sare sozialetan bereziki. Xotak lehen mailari uko egingo ziola ere zabaldu izan da. Baina Osasuna Magna Xotak 2026/2027ko lehen mailan jarraituko duela baieztatu baitu, bere webgunean denboraldi berriko egutegia argitaratuz eta Espainiako Futbol Federazioak lehiaketak izango duen formatu berriko azalpenak emanez. 

Prime Futsal Liga: Irekiera eta Itxiera
Esan bezala, lehen mailak edo Prime Futsal Ligak formatu berria izango du. Ez da orain arteko liga erregularra izango. Bi fase edo zati izango ditu, Irekiera eta Itxiera. Bi fase horietatik aterako dira ligako tituluagatik borrokatuko duten taldeak, eta bi fase horiek bukatuta puntu gutxien lortu duten taldeak mailaz jaitsiko dira. Horretaz gain, beste aldaketa bat egongo da, Espainiako Futbol federazioak Espainiako Kopa eta Errege Kopa fusionatuko ditu. Martxoan jokatuko da. 

Prime Futsal Ligako Irekiera fasea irailetik abendura jokatuko da, eta denboraldiko lehen liderra erabakiko du. Itxiera fasea ilbeltzetik maiatzera bitartean jokatuko da. Beraz, bi lehiaketa izango dira, bakoitza hamabost jardunaldietakoa, eta talde guztiek elkarren kontra jokatuko dute. 

Bi faseak jokatuta, segidan ligako titulua erabakitzeko play-offak erabakiko dira. Zortzi taldek borrokatuko dute tituluarengatik: Irekierako eta Itxierako lehen bi talde onenek, batetik, eta beste bi lau taldeak, edo gehiago, Irekierako edo Itxierako talde onenek bat egiten badute, bi faseetako puntuak batuta puntu gehien lortzen duten taldeak izango dira.  

Jaitsierari dagokionez, Irekiera eta Itxiera faseetako puntuak batuta puntu gutxien dituzten bi taldeek maila galduko dute. 

Osasuna Magna Xotak etxean hasiko du denboraldia
Osasuna Magna Xotak etxean mustuko du Prime Futsal Ligako Irekiera fasea. Lehen jardunaldian Jaen Paraiso Interior hartuko du irailaren 13an, Anaitasunan.