1. Zer datorkizu argazkia ikusita?
Burura dakarkidan lehenena nostalgia pixka bat da, baina harrotasunez jantzitakoa. Euskararen Txokoko argazki horretan Irurtzungo euskaltzale kopuru handia elkartzea lortu genuen. Gaur egun nik uste ez genukeela hainbeste jende batuko. Nostalgia aipatu dut, argazkian utzi gaituzten lagun asko daudelako, eta orainaren eta iraganaren aldea erakusten duelako: lehen nola ginen, eta gaur nola garen. Oroitzen naiz argazki horrekin egutegi bat egin genuela Aizpean, koloretakoa, oso polita. Etxean oraindik gordea dugu argazki hori.
2. Guaixen atera zinela bazenekien? Zerbait esan zizuten? Noizbait zerbait esan dizute?
Aizpea gisa askotan agertu izan gara Guaixen. Bi urte ingurutan hilero kolaborazioa bidaltzen genuen, Irurtzungo berriemaileak ginelako. Manolo Morenok, Amaia Albizuk, Mikel Goldarazenak eta nik neuk idatzi izan genuen.
3. Zer suposatu du Guaixek zuretzat?
Eskualdean euskaraz paperez egina dagoen komunikabide bakarra da Guaixe. Beharrezkoa da, gertukoa da, eta garai bakoitzean gure herrietan gertatzen dena kontatzen du. Pentsatzen dut euskararen garapeneko ikur bat dela eskualdean. Irratia eta webgunea badaude, baina komunikabideak paperean egon behar dira.
4. Ondoren noizbait gehiago Guaixen atera zara? Zergatik?
Aurten festen hasierako txupinazoa piztea dagokidanez, berriro agertuko naiz (kar-kar). Aizpea ere askotan agertu da.
5. Nola ikusten duzu Guaixe etorkizunean?
Ez dakit, ziur aski ez dut garapen guztia ezagutuko, baina nik uste etorkizunean Guaixek jarraitu egin behar duela. Sakanan sortzen diren gertakariak, iritziak... ez dira hain puntualki beste komunikabideetan euskaraz agertzen. Egun ia dena digitala da, eta ematen du berriak eta iritziak hartu eta bota egiten ditugula; paperean, berrikus ditzakegu, hor gelditzen dira. Helduon etxeetara, gurasoon etxeetara ailegatzen da Guaixe. Argazkian zeuden ume txiki horiek gaur egun 30 urte pasatxo dituzte, eta ez dute hartzen; gurasoen etxean dago Guaixe, ez haien etxeetan. Etorkizunean euren etxeetan egotea lortzera joan beharko da. Formula interesgarria da Guaixe: lokala, euskara batua eta euskalkia.