Sakanako Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako atsedenaldietan haurren euskararen erabilera sustatzeko programa bat kudeatzeko laguntza teknikoa kontratatzeko deialdia egin du Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak. Aurrekontua 15.680 eurokoa (BEZik gabe) izanen da urteko. Kontratua, gehienez, lau urtez luza daiteke, eta orduan zenbatekoa 62.720 eurokoa litzateke (BEZik gabe). Eskaintza aurkeztu nahi duenak garilaren 17ko 14:40ra arteko epea du. Kontratua lau urterako da.
Euskara Zerbitzuak programa horren bidez parte hartzaileen euskararen erabilera sustatu nahi du. Hau da, euskara, akademia hizkuntza izateaz aparte, haurren harremanetarako hizkuntza naturala bihurtzea du helburu nagusia programak. Horretarako jolas monitorizatuak eginen dituzte.
Euskara Zerbitzuko arduradunen nahia da Sakanako Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailako talde orotan jolas monitorizatuen bidezko ordu erdiko zortzi saio ematea. Ikastetxe txikietan 4. mailako ikasleek ere parte hartzeko aukera izanen dute. Guztira 47 saio aurreikusi dituzte horrela banatuta: Zelandi eskola publikoak bederatzi talde, Irurtzungo eskolan zortzi talde, Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolak seina talde, hiruna talde Arbizuko, Etxarri Aranazko eta Olatzagutiko eskoletan eta Jesusen Bihotza ikastetxean. Bina talde Uharte Arakilgo eta Lakuntzako eskoletan eta talde bana Iturmendi eta Urdiaingo eskoletan. Gainera, 16 saio aurreikusiko dira behar bereziak dituzten haurren arretarako.