Areto futbola

Xotak lehen mailan eman du izena, Javier Baigorri presidente berria duela

Guaixe 2026ko uztailaren 16a

2025/2026 denboraldi bukaerako Osasuna Magna Xotaren bazkaria. Dagoeneko zenbait jokalarik taldea utzi dute.XOTA

Klub irurtzundarrean ziurgabetasuna da nagusi, oraindik erabaki asko hartzea falta delako. 

Uztailaren 15ean despeditzen zen areto futboleko lehen mailan dauden taldeek izena emateko epea. Xotak izena eman du eta talde irurtzundarrak lehen maila berrituan, Prime Futsal Ligan, parte hartuko du 2026/2027 denboraldian. Gainera, presidente berria nor izango den jakin izan da: Javier Baigorri, Tudelanoko presidente ohi eta Ribera Navarrako presidente Ramon Lazaroren konfiantzazko gizona. Jakina denez, Corellako Ramon Lazaro enpresaria ustezko ustelkeria eta bestelakoei lotutako bederatzi delitutan inputatua dago, baina kasua lehertu baino lehen Lazaro Xotaren inbertitzaile nagusi bilakatu zen eta, gaur egun, klub berdearen nagusi da. Bere konfiantzazko gizona, Javier Baigorri, jarri du presidente. 

Ziurgabetasuna
Nahiz eta lehen mailan jokatuko dutela jakin, Irurtzungo klubean ziurgabetasuna eta ezjakintasuna da nagusi, egituran bete beharreko zenbait postu oraindik bete gabe daudelako. Plantilla ez dago itxita, jokalariek askatasun eskutitza jaso dute eta dagoeneko batzuek taldea utzi dute. Ez dago kirol proiekturik, eta entrenatzailea nor izango den ere ez da jakinarazi. Lazaroren likidezia faltak dena airean uzten du. Babesleekin ere zer gertatuko den airean dago.