Eskorga proba ikusgarria

Guaixe 2026ko uztailaren 21a

Jendetza erakarri zuen atzera ere.

XXVII. eskorga kronoigoerak jendetza erakarri zuen Irurtzungo San Migel kalera. Lehiakideak, ohi bezala, Gernika plazatik behera egin behar zuten lehenik ondoren kultur etxera arteko aldapari aurre egiteko. Ez da igoera soilik egin behar, bidean Pikuxar euskal txokoko antolakuntzak jarritako oztopoak gainditu behar ziren, besteak beste, eskuorga obrako aldamioko zoru gainean gidatzea, eskuorga bi oholen artetik pasa behar zen haiek bota gabe edo bidean jarritako konoak saihestu. Ia goian zirela, bikoteak postua aldatu behar zuen: eskorga gidatzen zuenak hartan eseri eta eserita zegoena gidari jarri zen. Gora iritsita, ur pertzakadekin egiten zieten harrera parte hartzaileei. Aldapan gora egin ondoren behera ere egin behar zuten parte hartzaileek. 

Probako parte hartzaileen artean emakumezko bikote bakarra zegoen, Garazik eta Araitzek osatutakoa, hain zuzen ere. Sailkapenei dagokionez, helduen mailan txapeldunak Xabier Agustino eta Javier Larraioz izan ziren. Bigarren sailkatu ziren Igor Lanz eta Xabier Lizaso eta podiuma Aimar Torresek eta Aimar Urdangarinek osatu zuten. Txikien mailan, berriz, irabazleak Unai Erize eta Asier Etxarri izan ziren. Bigarrenak Ametz eta Gorka Zunzarren izan ziren. Eta hirugarren sailkatu ziren Luken Zabaleta eta Artzai Gelbentzu.