Xotan aldaketa asko datoz, eta gogorrak. Klubak uztailaren 22an eman zuen horien berri. Horrela, Klub berdearen entrenatzaile berria nor izango den argitu da: Francisco Javier Jimenez “Kapu” izango da areto futboleko lehen mailako taldea gidatuko duena. Bigarren entrenatzaile lanetan Roberto Martil irurtzundarrak jarraituko du, urte beteko kontratua sinatu eta gero. Halaber, harrobiaren arduradun izaten segituko du Martilek.
Kapu Ribera Navarra FS taldeko entrenatzailea izan zen 2024-2025 denboraldian, azken jardunaldietan, eta Tuterako taldearen salbazioan ezinbestekoa izan zen. Ondoren bigarren mailako Vulcanizados Ruiz Tafatrans taldeko ardura hartu zuen. Aurretik Zubiriko Ibararte klubeko entrenatzaile izan zen, bere garaian Xotako harrobia izan zena.
Kapu jokalarien plantilla prestatzen buru belarri ari dela azaldu du Xotak, eta aurki horren berri emango dela.
Bajak
Orain arte lau jokalariren bajaren berri eman zuen klubak, baina haiei beste sei batu zaizkie. Izan ere, klubak askatasun txartela eman zien jokalariei, eta mugimendu handiak egon dira. 2026/2026ko denboraldirako baja diren jokalarien zerrendan Dani Saldise eta Ion Cerviño irurtzundarrak daude, Xotako harrobian sortu eta gorenera iritsi ziren jokalariak. Beste bide bat hartuko dute, hurrengoek bezala: Gustavo Marra, Jhonatan Linhares, Albert Ortas, Andres Gerargthy, Alejandro Palazon, Korsun, Juan Pablo Cuello eta Riveras. Hamar baja guztira. Asier Llamas atezain irurtzundarrak eta Josu Mendive biskarretarrak zer egingo duten oraindik ez dute azaldu.
Klubak orain arte talde berdearen alde eman duten guztia eskertu nahi die aipatu hamar jokalariei, “Xotaren eta zaleen balioak ezin hobe ordezkatu dituztelako”. Halaber, euren ibilbide berrietan onena opa die.