Areto futbola

Dani Saldisek Kuwaiteko bidea hartuko du

Maider Betelu Ganboa 2026ko uztailaren 24a

Dani Saldise triste dago Xotarekin gertatzen ari den guztiagatik. XOTA

Irurtzundarrak Altdhamon klubean jokatuko du, Xota, bere bizitzako kluba pena handiz utzita. Xotaren etorkizunaren inguruko ezjakintasuna handia da. 

Dani Saldise Martinikorenak Kuwaiteko Altdhamon klubean jokatuko du. Xota bere bizitzako kluba utzi behar izan du, kluba bizitzen ari den egoeragatik, eta “pena handiz” joaten dela aitortu du Diario de Noticias egunkarian. Egoera oso zaila da Xotan eta etorkizunean zer gertatuko den, oraindik inkognita da. Klubak askatasun txartela eman zien jokalari guztiei, eta askok beste bide bat hartu dute. Horietako bat da Dani Saldise. Taldeak aurrera egingo ote zuen ere ez zieten bermatu, eta ordainketekin ere zer gertatuko zen zalantza zegoen. Klubean gertatu denarengatik “oso triste” dagoela gaineratu du, eta Kuwaiteko aukera baliatu du, bertan lagun bat duelako eta, hain zuzen ere, ilbeltzean bertan oporretan izan zelako. 

Aldaketa askoren atarian dago Saldise. Abuztuan aita izango da. Ez du bere bizitzako klubera itzultzeko atea ixten. Semeak berdez jokatzen ikustea da bere ametsa. 

Xotaren etorkizunaren inguruko ezjakintasuna handia da
Ramon Lazaro Xotaren kudeatzaile denetik Xotarekin gertatzen ari dena telenobela hutsa da. Espainiako Futbol Federazioko lehen mailako azken ebazpenean ez da Xota azaltzen, bai, ordea, hirugarren mailako ebazpenean. Horrek, jakina, alarma guztiak piztu ditu eta irailaren 13an hastear den ligan Xota egongo den ala ez, zalantza piztu da. Ebazpenean ez egoteak ez du esan nahi taldea ez dela ligan arituko, bere egoerari analisi pertsonalizatu bat egingo zaiola baizik. Taldea prest badago, lehen mailako bere 29. kanpainari ekingo lioke. Ea zer gertatzen den.