Xota Kirol Klubak Dávid Vatamaniuc-Bartha jokalariaren fitxaketa ofizial egin du. 23 urteko atzelaria da, hungariarra, eta bere herrialdeko selekzioko internazionala. Xotara Futsal Nyíregyháza taldetik iritsiko da.
Vatamaniuc hegal-atzelaria da, eta defentsa sendoa, hori da bere ezaugarri nagusienetakoa. Kapu entrenatzaileak adierazi duenez, pibotaren defentsan da bere berezitasuna. “Defentsa lanetan atzelari sendoa da, eta joko sorreran jokalari serioa”. Taldeari oreka ekarriko diola uste du Kapu entrenatzaileak
Xotaren egoeraren inguruko ezjakintasunak segitzen du
Bitartean ezjakintasuna da Xotaren inguruan arnasten dena. Jakina denez, Espainiako Futbol Federazioko lehen mailako azken ebazpenean ez da Xota azaltzen, bai, ordea, hirugarren mailako ebazpenean. Horrek alarma guztiak piztu zituen eta irailaren 13an hastear den ligan Xota egongo den ala ez, zalantza piztu da. Ebazpenean ez egoteak ez du esan nahi taldea ez dela ligan arituko, bere egoerari analisi pertsonalizatu bat egingo zaiola baizik. Eta, tartean Vatamaniuc-en fitxaketaren albistea etorri da. Nahasmena da nagusi.
Taldea prest badago, lehen mailako bere 29. kanpainari ekingo lioke.