Areto futbola

Sentimiento Verde, Xotarendako aukera

Guaixe 2026ko uztailaren 30a

Maeztu, Cotelu eta Iturbide, aurkezpenean. IÑAKI PORTO

Xotako zale talde batek aurrerapausoa eman du klubaren kudeaketa bere gain hartzeko eta gardentasunean oinarritutako etapa berri bat proposatu du.

Sentimiento Verde plataformak bere burua aurkeztu zuen uztailaren 29an. Esteban Iturbek, Asier Cotelok eta Miguel Angel Maeztuk eman zituzten adierazpenak. Plataformak Xota klubaren trantsizio instituzionala gidatzeko hautagaitza aurkeztu zuen, talde historikoaren jarraipena ahalbideratuko duena. Gardentasunean oinarritutako etapa baten aldeko apustu sendoa egin dute, eta auditoria bat egitea ezinbestekoa dela uste dute. Halaber, zaleen parte parte-hartzean eta erakundearen modernizazioan oinarritutako etapa berri bat irekitzeko beharra defendatu zuten. Aurkezpenean entzule zeudenen artean Imanol Arregi Xotako entrenatzaile ohia eta Antonio Vilches “Kubala” utilaria zeuden. 

Xota noraezean dagoen une kritikoan sortu da plataforma, Xotak dituen zailtasun ekonomiko eta instituzionalen ondorioz. Orain arte egindako kudeaketan zentratu beharrean, plataformako kideek adierazi zuten euren helburua dela "etapa berri baten lehen harria jartzea", areto futbolean erreferente handienetako bat den erakundearen egonkortasuna berreskuratzeko.

Xotaren balioak
Prentsaurrekoan, plataformak klubaren pisu historikoa nabarmendu zuten, Xota Areto Futboleko Liga Nazional zaharraren sortzaileetako bat izan zela gogoratuz eta maila gorenean jarraian daramatzan hirugarren taldea dela.
Halaber, Xotaren balioak nabarmendu zituzten, klubaren hazkundea ahaleginari eta umiltasunari lotuta egon dela. “Balio horiek ez dira galdu behar”.

Halaber, Irurtzunen jaiotako klubaren errotze soziala nabarmendu zuten, “3.000 biztanle eskaseko herri bat, areto-futboleko erreferente nazional bihurtzea lortu duena, hamarkadetan zehar lotura garrantzitsua sortuz milaka zaleekin Nafarroan eta Nafarroatik kanpo”. Ildo honetan, Xotak bultzatutako gizarte lana goraipatu zuten, Xotak urteetan zehar familien, gazteen eta eskola-umeen artean izan duen eragina gogoraraziz, ikastetxeetan garatutako kanpainak eta beste. Kirolak balioak transmititzen dituelako “Xotaren etorkizuna ondare hori zainduz eraiki behar dela” argi utzi zuten, taldeak klub handienen aurrean izan duen lehiakortasuna sustatzen den bitartean

Trantsizioa eta auditoria
Plataformak egungo zuzendaritzari jakinarazi dio zuzendaritza-talde berri batean eta lehendakaritza berri batean amaituko den trantsizio bat gidatzeko borondatea duela. Bi frontetan ari dira lanean aldi berean: errelebo instituzionala gauzatzeko estatutu bidea aztertzen, eta proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko alternatiba ekonomikoak aztertzen. Dagoeneko lehen harremana izan dute egungo zuzendari Javier Baigorrirekin, eta publikoki eskertu zioten elkarrizketarako prest egotea. 

Klubaren kudeaketa bere gain hartuz gero, plataformak ziurtatu zuen bere lehen konpromisoa gardentasuna izango dela. Horretarako, iragarri zuten auditoria bat jarriko dutela abian, erakundearen egoera ekonomiko eta patrimoniala zehatz-mehatz ezagutzeko. Aldi berean, kirol alorrean azkartasunez jardutea proposatu zuten, bai taldeari bai teknikariei egonkortasuna eskaintzeko. Ildo horretan, Kapuk zuzentzen duen kirol-zuzendaritzak egiten ari den lana ere babesten dutela adierazi zuten, eta haren lana errespetatuko dutela.

Bazkideak izango dituen kluba
Planteatutako aldaketarik esanguratsuenetako bat Xotaren barne funtzionamendu ereduari dagokio. Plataformak estatutuak eguneratzea proposatzen du, bazkidearen figura lehen aldiz argi eta garbi sartzeko; izan ere, orain arte klubaren gizarte masa abonatuek bakarrik osatzen zuten. Gainera, zaleen figura sortu nahi dute, eskubide eta betebehar desberdinekin, klubak parte hartzeko organo bat izan dezan, batzarrak deitzeko eta funtzionamendu "gardenago, demokratikoago eta egonkorrago" baterantz aurrera egiteko.

Sustatzaileen ustez, erakundeak garai berrietara egokitu behar du, bere egitura indartuz eta bere oinarri soziala zabalduz, klubaren etorkizuna kudeaketa eredu bakar baten mende egon ez dadin.

Laburbilduz, plataformak hiru kontzeptutan laburbildu zuen bere ibilbide orria: eguneratu, modernizatu eta fidelizatu.

Plataformaren atzean dauden izenak
Aurkezpenean, etorkizuneko zuzendaritza-batzordeko kide izan nahi duten proiektuaren lehen kideak ere ezagutarazi ziren. Horien artean dago Aaron Ortiz Garcia, Kabo jatetxearen sortzailea, eta klubeko beheko mailetako jokalari ohia. Taldeko kideak dira, halaber, Miguel Angel Maeztu Acevedo, Xotaren egungo egoeraren analista; Esteban Iturbe duela urte batzuetatik klubaren kirol-kudeaketari lotua eta erakunde-harremanetan esperientzia duena; eta Asier Cotelo kazetaria eta Xotako komunikazio-arduraduna. 

Plataformak argi utzi zuen lanean hasi berria dela, eta denbora agortzen ari dela onartu zuen. Hala ere, erantzukizuna hartzeko prest daudela, bide berri bati ekiteko.

Azkenik, aurreko zuzendaritzak egindako lana eskertu zuten. “Agian uneren batean ez zituzten gauzak behar bezala egin, baina urte hauetan guztietan egin duten lan guztia aitortu nahi diegu”.