Sakanako eta Mendialdeko baso baliabideen zentroa mustu dute Irurtzunen

Maider Betelu Ganboa 2026ko uztailaren 30a

Mustutze ekitaldiaren talde argazkia. NAFARROAKO GOBERNUA

Nafarroako Gobernuko eraikina, aldi berean, basozainen lantokia izango da.

Uztailaren 29an mustu zen Sakanako eta Mendialdeko Baso Baliabideen Zentro berria. Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamenduko eraikin publikoa Irurtzungo industrialdean dago eta azpiegitura horretatik bultzatuko da baso kudeaketa jasangarria Sakanan eta Mendialdean. Halaber, eraikina barrutiko basozainen lantokia izango da. 

Mustutze ekitaldian Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria eta Unai Razkin Irurtzungo alkatea izan ziren. Aierdik adierazi zuenez, “gaurkoan, eraikin bat inauguratu baino gehiago egin dugu; tresna bat jarri dugu martxan gure mendien, baso-sektoreko profesionalen eta Sakanako eta Mendialdeko udalerrien zerbitzura. Baso Baliabideen Zentroak Departamentuaren gaitasuna indartuko du, baso-kudeaketa jasangarri, hurbil eta lurraldearen beharrizanen araberakoari laguntzeko”. 

Irurtzungo zentroa 2024/2027 Plan Gidariaren barruan dago, bertan jasotzen baita Ingurumen Zuzendaritza Nagusirako bulego berriak eraiki beharra dagoela beharrezkoa den lekuetan. Irurtzungoarekin batera, Izizeko Erronkari Zaraitzu barrutikoa eta Tuterako barrutikoa jasoko dira. “Plan horren bidez, gure ekipoek lanerako darabiltzaten azpiegiturak berritzen eta modernizatzen ari gara. Izan ere, ekipo horiek espazio funtzional, efiziente eta teknologikoki prestatuak edukitzea nahi dugu, XXI. mendeko ingurumen-kudeaketaren erronkei aurre egiteko, gure mendiak eta natura-ondarea zaintzeko beharrezkoa baita, halaber, horien babesean egunez egun lan egiten dutenei bitarteko hoberenak ematea” azaldu zuen Aierdik. 

Eraikinaren oinarria zura da. Baso Baliabideen Zentroko lanak duela urtebete hasi ziren eta Guillen Obras y Proyectos SL enpresak egin ditu, MID Estudioko David Serrano eta Maier Vélez arkitektoek eta Filo Arquitectoseko Enrique Irisok idatzitako proposamenari jarraikiz. Kanpoan Javier Poveda artistaren eskultura dago. 

Espazioak eta baliabideak optimizatzea
Solairu bakarreko eraikinak 556,27 metro koadro ditu, eta Irurtzungo industrialdean kokatuta dago, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren jabetzako lurzati batean. Azpiegitura, Basozainak-Ingurumena Zaintzeko Taldearen Plan Gidariaren aurreikuspenei jarraikiz, Passivhaus sistemara hurbiltzen da, eta energia-kontsumo ia nulua du, bai eta egur-galdara bidezko berokuntza —baliabide irisgarri eta berriztagarria—, aerotermia eta inguratzaile termiko estankoa ere. Estalki fotovoltaikoak energiaz hornituko ditu bulegoak, eta ibilgailu elektrikoentzako kargagailuak ere bai.