Uda Sakanan 2026

"Mendian libre sentitzen naiz"

Erkuden Ruiz Barroso 2026ko uztailaren 31

Mikel Recalde Cuadrado mendizale irurtzundarra, mendian. UTZITAKOA

Txikitatik mendira joaten da Mikel Recalde Cuadrado irurtzundarra, eta orain sareetan erakusten du.

"Txikitatik egon naiz gurasoekin mendira joaten. Irurtzungo Ergako Trinitatera egunero ez, baina ia-ia astero igotzen ginen". Mikel Recalde Cuadradok txikitako zaletasuna mantentzen du gaur egun ere, eta astean behin mendira joaten da, gehiagotan ez denean. Urtean zehar joaten bada ere, udan "hobe" dela esan du: "Egunak luzeagoak dira, eta hobe da". Izan ere, Nafarroatik atera eta mendi altuenetara joateko aukera ere dauka udan, Pirinioak kasu.

Trinitatera igotzea dagoeneko esfortzua ez dela esan du irurtzundarrak: "Gustukoa dut". Astero behin igotzen saiatzen da, eta Trinitatera ez bada, Nafarroako beste gailurren bat igotzera joaten da. "Urtean zehar Nafarroan egiten ditut ibilbideak eta rutatxoak, baina udan Pirinioetara eta edozein lekura joan naiteke". Asteburuak ere baliatzen ditu beste mendi batzuk bisitatzeko.

Erronka


"Esan nuen: zergatik ez ditut bideoa egiten? Horrela ibilbideak erakutsi ditzaket ere"

Mendira joateko zaletasuna zuenez, eta astero joaten zenez, "esan nuen: zergatik ez ditut bideoa egiten? Jendeak ikusiko ditu eta horrela ibilbideak erakutsi ditzaket ere". Hortaz, sareetan profila ireki zuen (@miikelrecalde) eta egindako ibilbideak erakusten ditu. Erronka bat ere du martxan: Nafarroako 522 gailurrak igotzea. Dagoeneko hogeigarrenaren tontorraren bideoa igo du. Astero mendira joaten dela eta astero igotzen duela bideoa esan du irurutzundarrak.

"Alaitasuna eta askatasuna" sentitzen du Recaldek mendian. "Mendian ez dago ia inor, bakarrik zaude; ez dago kotxerik, jenderik, isiltasuna dago...". Libre sentitzen da. Normalean bakarrik joaten da, eta beste batzuetan neskalagunarekin egiten ditu ibilbideak, "lagunekin gutxitan, egia esan".

Mendira joateko oinarrizkoena eramaten du irurtzundarrak: "nik normalean motxila, ur kantinplora, bokata, fruitu lehorrak eta janari pixka bat eramaten dut". Mendirako oinetako, praka eta kamiseta "onak" janzten ditu ere. Sareetarako bideoak grabatzeko telefonoa, mikrofono txiki bat eta tripode bat eramaten ditu ere.

Nafarroa osoko menditan ibiltzen den arren, badu mendi gogoko bat: "Irurtzunen, Trinitatea". Hortik ibiltzen da gehienbat.

"Pertsona guztiei gomendatuko nioke. Batez ere zerbait egin nahi badute, etxean denbora luzez pasatzen badute eta mugitu nahi badute. Ez da beharrezkoa mendi altu bat igotzea". Sareetan erakusten dituen ibilbideak, hain zuzen, adin eta egoera guztiendako direla gaineratu du. "Gogoa behar da". Bestela, materialari dagokionez ere ez dela asko behar gaineratu du.