Ez dira Xotaren garai onenak, baina gutxika egoerari buelta ematen ari da Sentimiento Verde plataformatik sortutako Xotaren zuzendaritza berria, Asier Cotelo presidentea duela.
Magnesitas Navarras enpresak Xota babesten jarraituko du, eta, horrela, aurten Magna Xota izenarekin jokatuko du talde irurtzundarrak. “Duela zenbait urte genuen izenera bueltatu gara, eta Magnesitas Navarras enpresari gure esker onena azaldu nahi diogu momentu honetan gure babesle nagusia izaten jarraituko duelako” azaldu zuen Asier Cotelo Xotako presidenteak abonatuen kanpaina aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Berarekin batera Aaron Ortiz eta Esteban Iturbide juntakideak izan ziren.
“Ez da gure unerik onena. Ziurgabetasunez betetako uda baten ondoren, aldaketa handiak eragin dituena eta orain konfiantza eskatzen duena, Xota Kirol Klubak bere zaleen alderdirik emozionalenari dei egiten dio, guztion artean klubari berriro ere bere ospe eta kirol-emaitza onenak lortzeko. Erakundea desagertzear egon da, baina sentimendu berde batek ahalbidetu du klubak bere kontrola berreskuratzea eta orain, beste urte batez, munduko areto-futboleko ligarik onenean denboraldi berri bat hasteko atarian egotea” azaldu zuen Cotelok prentsaurrekoan.
Asier Cotelo: "Xotaren nortasun agiria berreskuratzeko unea iritsi da, inoiz baino berdeagoa izango dena"
Zaleen babesa eskatu dute
Zailtasunak daudela ez zuen ukatu. “Argi dago bidea ez dela erraza izango eta gainditu beharreko harri asko daudela. Hala ere, datorrenari aurre egiteko gure zaleen babesarekin dena errazagoa izango da. Taldeak bere sustraiei begiratu behar die, egoerak gainditzeko izpiritu horri heldu, eta ahaleginetik eta apaltasunetik, etxeko eta kanpoko jendearekin, taldea egin, orain arte bezala. Xotaren nortasun agiria berreskuratzeko unea iritsi da, inoiz baino berdeagoa izango dena, herri bat, bizitzeko filosofia bat, eta inoiz kendu ezin izango diguten kidetasun sentimendu bat defendatzeko”.
Abonatu digital berria
Magna Xotak bere zaleei denboraldiko abonua internet bidez berritzeko edo eskuratzeko aukera eskaini die. Azkarragoa, errazagoa eta erosoagoa da kudeatzeko. Horrela, abonua mugikorrean eraman daiteke, eta Anaitasuna pabiloira itxaron gabe sartu.
Bestalde, C.A. Osasuna klubeko bazkideek Xotako abonuan %50eko beherapena izango dute.
Abonuen kanpaina presentziala irailaren 4an hasiko da.
Zaletuen figura
Aurtengo beste berrikuntzetako bat zaletuaren figura da. Xotaren zaletu egiten direnek Anaitasunara sartzeko sarreretan deskontuak izango dituzte eta aurki iragarriko diren bestelako hobari eta erraztasunak.
Bukatzeko, zuzendaritza berriak laguntza eskatu zuen. “Lagundu Magna Xotari. Sentimendu Berdeak jarraitzen du”.