Irurtzungo garbigunea zabalik

Alfredo Alvaro Igoa

Garbigune berriaren ikuspegia.

Akaborro industrialdea eta herrigunea banatzen dituen berdegunean dago.

Sakanako Mankomunitateak bere Garbiguneen Sarea osatu du gaur, irailak 14, Irurtzungoa zabaltzean. Hondakinen kudeaketarako azpiegitura berriak 1.500 metro karratu inguruko azalera du, eta bi altueratan banatuta. Goikoak herritarrek sei industria edukiontzietara hondakinak botatzeko balioko du. Behekoak, berriz, kamioiek aipatu edukiontziak jasotzeko aukera ematen du. Gainera, behean kontrol etxola, eta etxeko eta antzeko beste hondakin batzuk kudeatzeko espazioa dago, metalezko estalki bat. Bi zirkuituetara autoz edo oinez sartu eta ateratzeko aukera dago. Garbiguneak Irurtzun, Arakil, Irañeta eta Uharte Arakilgo 6.415 biztanle eta 49 saltokiri emango die zerbitzua. 

Irurtzungo garbigunea astegunetan egonen da zabalik: astelehen, asteazken eta ostiraletan 09:00etatik 14:30era eta astearte eta ostegunetan 13:00etatik 18:30era. Garbigunean Mank-eko Hondakin Zerbitzuko langile bat izanen da hondakin mota bakoitza non utzi behar diren azaltzeko.

Irurtzungoaz aparte, Sakanako Garbigune Sarea Arbizuko eta Altsasuko garbigune finkoek eta garbigune mugikorrak osatzen dute. Mank-eko presidente Aitor Larraza Carrerak esan duenez, "garbigune honek Sakana Nafarroan gehien birziklatzen duen mankomunitatea izaten jarraitzen lagunduko du. Aldi berean, hainbat herritan gertatzen diren legez kanpoko hondakinen isurketei aurre egiteko aukera eskainiko du".

Hondakin bereziendako
Garbigune horietan hiri hondakin bereziak kudeatzeko aukera dago. Hau da, kamioi batek har ez ditzakeen hondakinak jasotzen dira garbiguneen sarean, bai arriskutsuak direlako, bai kamioiaren mekanismoa hautsi dezaketelako, edota legez debekatuta dagoelako. Larrazak jakinarazi duenez, "garbigunean ez da industriako hondakin berezirik onartuko, horiek kudeatzaile pribatu baten bitartez kudeatu beharreko hondakinak baitira".

Azpiegitura berriaren inguruko edozein galdera izanez gero, 900 730 450 doako telefono zenbakira hots egin edo info.hondakinak@sakana-mank.eus posta elektronikora idatzi daiteke.

Obra Guillen Obras y Proyectosek egin du 499.908,42 euroren (BEZ barne) truke. Mank-ek Europako Next Generation funtsaren laguntza izan du.