Prime Futsal Ligako lehen jardunaldia emozio handiz bizi izan zen Anaitasunan, Magna Xotak uda gogorra pasa duelako. Ia desagertzear egon eta gero, Sentimiento Verde plataformatik sortutako taldeak zuzendaritza hartu eta bizirautea lortu du talde berdeak, eta gutxika burua altxatzen hastea. Badakite inoiz baino denboraldi zailagoa dutela aurretik, baina hastea oso garrantzitsua zen, eta, gainera, irudi ederra emanda ekin diote 2026/2027 denboraldiari.
Aurten formatu berria du ligak. Prime Futsal Liga izena hartu du, eta bi fase izango ditu: Irekiera fasea eta Itxiera fasea. Fase bakoitzean 15 jardunaldi jokatuko dira eta bakoitzak bere txapelduna izango du. Bi faseak bukatzerakoan, bien puntuak batu, eta hortik aterako dira titulua lortzeko play-offak jokatuko dituzten taldeak eta bigarren mailara jaitsiko direnak.

Talde gaztea
Irekiera faseko lehen jardunaldian Magna Xotak Jaen Paraiso Interior taldea hartu zuen. Talde sendoa, gogorra, jokalari onekin. Baina Magna Xota ez zen kikildu. Talde gaztea du aurten Xotak, iazko jokalari ia gehienek taldea utzi zutelako. Asier Llamas atezain irurtzundarrak, Ion Cerviño irurtzundarrak eta Josu Mendivek segitzen dute. Jokalari batzuk fitxatu dituzte (Vatamaniuc, Ugherani, Petry, Campàs, Planillo, Exposito...), baina gehiago heldu bitartean, harrobitik tira egin zuen Roberto Martil bigarren entrenatzaileak eta Xotako harrobiko arduradunak. Aurten Aimar Iraurgi altsasuarra lehen taldeko jokalaria da, baina Javi Larrea urdiaindarrak eta Julen Fernandez irintarrak lehen taldean debutatu zuten eta itxura ezin hobea eman. Inoiz baino sakandarragoa izan zen Xota.
Nor baino nor
Jaen Paraiso Interiorren kontra nor baino nor aritu ziren irurtzundarrak, eta zenbait faseetan protagonistak izan ziren Magna Xotakoak. Talde gaztea da, baina asko du esateko. Konplexurik gabe aritu ziren berdeak, eta euren aukerak izan zituzten. 14. minutuan Jaenek Xotaren atea zulatu zuen (0-1), baina Martilen gizonek ez zuten behera egin eta Aimar Iraurgik baloiaren errekuperazio bat probestu, Jaenen atera gerturatu eta berdinketaren gola sartu zuen (1-1). Anaitasunak eztanda egin zuen eta Xotako jarraitzaileek emozioz ospatu zuten.
Bigarren zatiko hasieran Xotak Jaen estutu egin zuen. Cerviñok bi aukera eder izan zituen, Mendivek ere, baina Jaengo atezaina oso fin aritu zen. Nahiz eta Xotak arriskua sortu, Jaen izan zen bigarren gola sartu zuena. Xotak ez zuen etsi eta Aimarrek berdintzeko aukera izan zuen, baina Espindolak ekidin zuen. Bi taldeek nor baino nor jarraitu zuten, Xotak atezain-jokalariaren figura erabili zuen, baina erasoan galdutako baloi bati esker Jaenek hirugarren gola sartu eta 1-3 despeditu zen partida.
Nahiz eta galdu, Xota talde gazteak itxura oso ona eman zuen eta itxaropenerako tartea badago Anaitasunan.
Roberto Martil, zeharo hunkituta
Ligako lehen partidan lehen entrenatzaile lanak egin zituen Roberto Martil Fernandez irurtzundarra emozioz gainezka zegoen. “Uda oso gogorra izan da; etxeko jendea gurdiari tiraka ikustea ederra da oso” nabarmendu zuen. Magna Xotak 1-3 galdu arren, proiektuan konfiantza izateko arrazoiak eman zituen: "Liga hasi nahi genuen. Inkognita hutsa eginen; denboraldi aurre gogorraren ondoren, eta azken segundora arte eragozpenak izan eta gero, ez genekien nondik aterako ginen ere. Oso harro nago taldeak egin duen lanaz. Ezin diet gehiago eskatu. Partida hau egitearekin ez da nahikoa, aurrera segi beharra dugu. Harro gaude, baina jarraitu beharra dugu”.
Jokalariek egindako esfortzua azpimarratu zuen. "Dena eman dute. Joko ereduan sartu eta ezin hobeto egokitu den jendea egon da. Iaz jubenilen autonomikoan jokatzen ari ziren lau gazte aritu dira jokoan, munduko onenen aurka borrokan. Hau izango da lehen entrenatzaile gisa egongo naizen lehen eta azken partida, baina oso pozik nago harrobiko hiru gazteren debuta egiteko aukera izan dudalako. Niretzat gaurko gauzarik politenetakoa da".
Aimar Iraurgik sartutako golari dagokionez, entrenatzaile nafarra malko artean mintzatu zen. "Oso polita izan da, egia esan. Uda oso gogorra izan da eta etxeko jendea gurditik tiraka ikustea ederra da".
Hurrena
Liga Prime Futsaleko Irekiera faseko bigarren jardunaldian Magna Xotak Viña Albali Valdepeñas du aurkari Ciudad Realen, irailaren 20an (19:00).
Morenin, entrenatzaile berria
Magna Xotak entrenatzaile berria fitxatu du, Gonzalo Iglesias Alonso “Morenin”. Entrenatzaile galiziarra bigarren mailako Union Africa Ceuti taldetik dator. Oraindik eraikitzen dagoen taldea kudeatzera dator Morentin, Magna Xota lehen mailan defendatzera.