areto futbola

'Morenin' entrenatzaile berriari asko gustatu zaio Magna Xota

Maider Betelu Ganboa

Gonzalo Iglesias "Morenin" Magna Xotako entrenatzaile berria, aurkezpenean. XOTA

Gonzalo Iglesias “Morenin” Magna Xotako entrenatzaile berriak “urte zaila” izango dela argi du, eta erronka honetan “alde guztiek elkarrekin arraun egiteko deia” egin du. 

Irailaren 15ean aurkeztu zuten Magna Xotako entrenatzaile berria, Gonzalo Iglesias 'Morenin', 2026-2027 denboraldirako. Teknikari galiziarrak areto futbol taldeen kudeaketan esperientzia du eta areto futbolaren ezagutza handia. Xotako Asier Cotelo presidenteak ongietorri beroa egin zion berdeen etxera. 

“Argi dago urte zaila izango dela. Bai komunikabideek, bai teknikariek, jokalariek eta herri osoak elkarrekin joan behar dugu eskutik, izango ditugun zailtasunen jakitun izanik. Hortik aurrera lan egitea eta ilusioa izatea besterik ez da geratzen. Ostiralean Roberto-rekin oso talde gaztea eta ilusionagarria ikusi zen. Gauzak argi izan behar dira. Klubean dugun lanetik eta errealitatetik abiatuta, denok elkarrekin joan behar dugu”, azaldu zuen entrenatzaile berriak.

Magna Xotan erabiltzen den joko-sistemaren jakitun, Morenin-ek taldeari bere nortasun propioa ematen eta helburu argi bat mantentzen saiatuko da. Berdeek ahalik eta gehien lehiatu behar dute, hala eskatu die bere jokalariei. “Talde gaztea dugu. Agian ezin izango dugu baloia nahi bezainbeste izan, baina ostiraleko bidetik segitu behar dugu; hau da, ahalik eta gehien lehiatzea, oldarkorrak, gogorrak eta lehiakorrak izatea eta gure errealitatea ezagutzea. Hortik aurrera joko eredua berreraikitzen joango gara. Roberto Martilek lan ona egin du bost aste hauetan, 4-0 joko-sistema bat dago eta nik nire gauzatxoak sartuko ditut”. 

Jaenen kontra Xotak emandako irudiak baikor izateko argudioa eman dio. “Taldeak oso ondo lehiatu zuen. Asko gustatu zitzaidan gazteria, konplexurik gabe jokatzea, asko gustatu zitzaidan Aimar, Asierrek jokalariak animatzeko egindako harenga, talde batasuna... kostako zaigula jakin badakigu, baina borrokatuko dugula”.

Ilusio handiko erronka
Xotara iristea, berarendako “aukera handia da. Egia da Frantzian entrenatu dudala eta nik agian ospe handiagoa dudala emakumezkoen mailan, baina erronka baten aurrean nago. Jende askok zorotzat jotzen nau hemen egoera horietan etortzeagatik, baina ate bat ireki da. Robertorekin izan nuen elkarrizketak konbentzitu ninduen. Ilusio handiko erronka baten aurrean nago. Oso zaila izango da, baina ni nahiko pertsona baikorra naiz. Badakit nahiko gaizki pasatuko dugula, urte gogorra izango dela, baina hortik aurrera Xota Lehen Mailan uzten saiatuko gara, hori baita guztion helburua”.