Saihesbidearen, Intxaurreta kalearen eta Lizarra kaleko 20 eta 24 zenbakien arteko espazioan, herriaren hegoaldean, urbanizazio berria du Irurtzunek 2024az geroztik. Urbanizazio horretan familia bakarreko etxebizitzetarako 29 partzela sortu dira, hamazazpi partikularrenak eta hamabi udalarenak. Azken horietako zortzi saihesbidearen parean daude eta gainontzeko lauak Lizarra kalearen parean, hegoaldean. Haien azalera 143 eta 163 m2 artekoa da.
Irurtzungo Udalak bere dozena bat partzela enkante bidez saltzeko asmoa du. Unai Razkin Iriarte alkateak azaldu duenez, "partzela guztiak erregistroan inskribatu genituen eta udan jaso ditugu agiriak. Burokrazia tramite horiek udalak egitea nahi genuen, enkantean erosten duenak agiri guztiak eskutan jaso ditzan. Bestela partzela erosleek egin beharko lituzkete pauso horiek, eta ez genuen hori gertatzea nahi". Erregistroko agiri horiek jasota, partzelak saltzeko plegua lantzen ari da orain udala. Etxebizitzari lotuta, Irurtzungo Udalak Ardubil kalean zuen etxebizitza saldu zuen joan zen urtean.
Energia komunitatea eta igerilekuak
Udalak kiroldegiko teilatuan instalazio fotovoltaikoa jarri du. Han sortuko den elektrizitatea energia komunitatearendako izanen da. Razkinek azaldu duenez, "azpiegituraren lagapena egina dago. Iberdrolaren espedientea bukatuta dago. Orain bazkideak eta bakoitzaren partekatutako kontsumoak zehaztu behar dira. Ea urte akaberarako zehaztea lortzen dugun, eta martxan jartzen den".
Bitartean, Irurtzungo Udala igerilekua berritzeko lanen bigarren fasea egiteko tramiteak egiten ari da. Lanak 2027ko igerileku sasoia despeditu bezain laster hasi nahi lituzke udalak, igerilekua 2028ko udarako prest egoteko. Hori hala izan dadin, udala Nafarroako Gobernuarekin harremanetan dago. Irakaskuntzako eta jolaserako igerilekuak berritzeko proiektuak 814.596,97 euroko aurrekontua du. Lan hori finantzatzeko Irurtzungo Udalak Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentuaren Tokiko Inbertsioen Planeko 180.000 euroko dirulaguntza du.