Udalak kultur eta kirol eskaintza egin du

Guaixe

Irurtzundarrak Foru plazan. ARTXIBOA

Helduei zuzendutako aisialdi ikastaroak eta ariketa fisikoa egiteko jarduerak dira.

Udalaren eskutik, irurtzundarrek kultur edo kirol jarduerak egiteko aukera izanen dute. Izan ere,  ikastaro eskaintza zabala prestatu du udalak ikasturte berrirako. Honako jarduerek osatzen dute Irurtzungo Udalaren eskaintza: antzerkia, irakurketa kluba gaztelaniaz, marrazketa eta margotzea, gorputz jarrerak zuzentzea, pilates (hastapena, arituak eta maila guztiak), bizkortzea-GAP, kirol entrenamendua, adinekoendako mantentze gimnasia eta spinning-ak. 

Udalak antolatutako jardueraren batean izena eman nahi duenak hilaren 23ra arteko epea du. Matrikulatzeko irurtzun.eus webgunean dagoen formularioa bete behar da. Matrikula egiterakoan izen-abizenak eta ikastaroaren izena adierazi behar dira. Udaletxean ordaindu daiteke banku txartelarekin, edo transferentzia egin udalaren kontu korronteren batera. Ordainketa eginda, formulario betea eta ordainketaren frogagiria udaletxean edo kultur etxean aurkeztu behar dira. Spinning ikastaroetan izena ematen dutenek beste izen emate orri bat bete beharko dute, eta ordainketa beste kontu korronte batean egin. Deialdiari buruzko informazio xehea aipatu webgunean dago. 

Udalak berak jakinarazi duenez, Irurtzunen beste ikastaro batzuk eta hainbat taldetan sartzeko aukera ere izanen dira ikasturte honetan: euskara, ingelesa, helduendako hezkuntza, ingelesa lantzeko tailerrak (haurrendako eta helduak eta haurrak), arabiera, abesbatza, bertso eskola, marrazketa eta margotzea (haurrendako), mikologia hastapena, euskarazko irakurle taldea, joskintza tailerra, yoga, korrika taldea, mugimendu adierazpena, zirkua (haurrendako), kirol gimnasiarako hastapena, jauzi botak, dantza (haurrak eta helduak), joaldunak, esku pilota, areto futbola eta kick boxing.