areto futbola

Xotak ezin izan zuen Valdepeñaseko harresia gainditu

Maider Betelu Ganboa

Aimar Iraurgi altsasuarra, partidaren momentu batean. XOTA

Morenin entrenatzailearen mustutzean 2-0 galdu zuen Magna Xotak Ciudad Realen. Talde berdeak itxura oso ona eman zuen, baina ezin izan zuen Valdepeñasen atea zulatu.

Asteburuan Liga Prime Futsaleko Irekiera faseko bigarren jardunaldia jokatu zen. Magna Xotak Ciudad Realen jokatu zuen, Valdepeñasen kontra. Talde berdeko Morenin entrenatzaile berriak debuta egin zuen eta hasierako bostekoan Asier Llamas, Ion Cerviño eta Aimar Iraurgi sakandarrak egon ziren. Ondorengo aldaketetan Javi Larrea urdiaindarrak eta Julen Fernandez irintarrak euren aukerak izan zituzten.

Magna Xotak nor baino nor lehiatu zen Viña Albali Valdepeñas taldearen kontra. Valdepeñasek kontrako atean gehiago asmatu zuen, eta 4. minuturako aurreratu egin zen. Magna Xota saiatu zen, baina ezin izan zuen Valdepeñasen defentsa gainditu. Kontraerasoetan, gainera, min handia egiten zuten gaztelatarrek. 14. minutuan Valdepeñasek bigarren gola sartu zuen, 2-0. Aimar Iraurgik aukera argia izan zuen, baina Borja Puertak bere asmoak zapuztu zituen. Josu Mendiberen aukerak ere ez zuen Valdepeñasen kontrako atea gainditu. Bigarren zatian Ion Cerviñok sekulako pasea egin zion Aimar Iraurgiri, baina ezinezkoa izan zen. Cerviñoren erremate batek langa jo zuen. . Asier Llamasek ere geldialdi bikainak egin zituen. Azkenean, nahiz eta bukaerara arte modu guztietara saiatu, ezinezkoa izan zen, eta 2-0 galduta itzuli zen Magna Xota Valdepeñastik.

Morenin entrenatzaileak markagailua justua izan zela adierazi zuen. “Gure helburua partida bukaerara puntuatzeko aukerekin iristea zen, eta ahalik eta hobekien lehiatzen saiatzea. Ongi sartu gara partidara, baina zatitutako baloietan ez gara sendo aritu. Valdepeñasek azken 10 metrotan sartu gaitu aldi askotan”. Taldearekin konfiantza du. “Kapitainek eta jokalari beteranoenek gazteak nahiko ongi babesten dituzte. Orokorrean, ongi aritu dira guztiak. Lehiaketak esperientzia emango die gazteei, eta gutxika egonkortzen hasiko dira. Espero dut poz handiak emango dizkigutela”. 

Hurrena
Sailkapenean Barça da liderra (6 puntu) Illes Balears eta Jaen taldeekin puntutara berdinduta. Xota hamabosgarren da, punturik gabe. Irekiera faseko hirugarren jardunaldian Magna Xotak Illes Balears Palma Futsal hartuko du irailaren 25ean, 19:30ean, Anaitasunan.

Franco Grillo, jokalari berria
Franco Grillo argentinarra Magna Xotako jokalari berria izango da. 26 urteko jokalaria hegaleko jokalaria da, ezkerra.