Despopulazioa mintzagai

Guaixe

Hautetsiak bileran. NUKF

Toki erakundeetako ordezkariak Foru Legearen aurreproiketuari buruzko hausnarketan parte hartu zuten.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak (NUKFk) deituta,  hogei toki-erakundek baino gehiagoko ordezkariak elkartu ziren Irurtzungo kultur etxean. Despopulazioaren kontrako eta Nafarroako Landa Garapenerako Foru Legearen Aurreproiektua aztertzeko NUKFk antolatutako parte-hartze prozesuko saioa izan zen. Haren helburua izan zen jakitea 2025ean toki-erakundeek egindako proposamenak lege aurreproiektuan kontuan hartu diren edo ez. 

Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusi Jesus Maria Rodriguez aurreproiektua aurkeztu zuen eta bertaratutakoek araua osorik aztertu zuten, ikuspegi orokor batetik. Ondoren, 2025ean NUKFk egindako parte-hartze prozesuan oinarritzat hartutako bost esparruak aztertu zituzten: zerbitzuak; ekonomia eta enplegua; komunikazioak eta mugikortasuna; etxebizitza; eta finantziazioa eta fiskalitatea. Eta zenbait proposamen transbertsal ere aztertu zituzten. 

Eztabaidarako, NUKFko teknikariek egindako Esparru-dokumentua oinarritzat hartu zen. Dokumentuan, toki-erakundeek egindako proposamenak Aurreproiektuaren edukiarekin alderatzeaz aparte, proposamenak zenbateraino jaso diren eta horien zehaztasun-maila ere aztertzen da.

Atal bakoitza jorratu ondoren, parte-hartzaileek ekarpenak egin zituzten galdetegi baten bidez. NUKFk galdetegi hori bera helarazi die bilkuran parte-hartzerik izan ez zuten eremu horretako toki-erakundeei ere, parte-hartzeko aukera izan dezaten.

Saioetan eta galdetegien bidez jasotzen diren ekarpenetatik abiatuta, NUKFk ondorioak biltzeko dokumentu bat egin eta Nafarroako Gobernu eta Parlamentuari helaraziko die, etorkizuneko Legea izapidetzeko prozesuan eta ondorengo arau-garapenetan kontuan izan dezaten.