Areto futbola

Magna Xota bukaerara arte saiatu zen, baina Palma Futsalen kontra, ezin

Maider Betelu Ganboa

Magna Xotak bukaerara arte ez zuen etsi. XOTA

Talde berdeak puntuatu gabe jarraitzen du, baina “momentu onekin” geratu beharra dagoela uste du Morenin entrenatzaileak.

Asteburuan Liga Prime Futsaleko hirugarren jardunaldia jokatu zen. Magna Xotak Illes Balears Palma Futsal talde indartsua hartu zuen Anaitasunan. Palmako taldea liderra da, sekulako potentziala du eta agerian geratu zen, baina Magna Xota talde gazteak aukerak sortu zituen, momentu onak izan zituen eta beti kontrako atea bilatzen saiatu zen. 

Hasieran Ion Cerviño protagonista izan zen, Palmaren atean arriskua sortu zuelako. Palmak, aldiz, Asier Llamasen atera gerturatu zen lehenengoetan gola sartu zuen, eta berehala bigarrena iritsi zen (0-2). Xotak ez zuen behera egin, eta Moreninek eskatutako hutsartearen ondoren, bere aukerak izan zituen, tartean Javi Larreak eta Aimar Iraurgik sortutako eraso jokoa. Nahiz eta bi taldeen arteko ezberdintasuna nabaria izan, Irurtzungo klubak lehian jarraitu zuen. Atsedenaldia baino lehen hirugarrena sartu zuen Palmak (0-3), baina bigarren zatian gogotsu atera zen eta Josu Mendivek sartutako golak (1-3) airea eman zion talde berdeari, eta erasoan jarraitu zuten. 1-5 jarri zen aurretik Palma, baina horrek ez zuen etxekoen gogoa apaldu. Atezain-jokalari formularekin Joaquin Expositok Xotaren bigarrena sartu zuen (2-5), pozez ospatu zena. Azkenean, Palmak beste bi gol sartu zituen eta 2-7 galdu zuen Xotak. 

Partida bukaeran Morenin entrenatzaileak partida bere testuinguruan kokatzea eskatu zuen. “Palmak ligako plantilla onenetakoa du. Uste dut ez garela partidan gaizki sartu. Hoberenen jokatzen ari ginela iritsi zaigu kontrako bigarren gola. Errekuperatu gara, baina 0-3ak pixka bat jota utzi gaitu. Ausartak izan gara, 1-4ak airea eman digu eta 2-4 hurbiltzeko aukera izan dugu, baina taldea nekatuta zegoen. Partiden erritmorako jende gehiago behar dugu, baina saiatu gara eta momentu onekin geratu beharra dugu, egon direlako”. 

Datorrena
Hain zuzen ere Illes Balears Palma Futsalek jarraitzen du Liga Prime Futsaleko Irekiera faseko lider (9 puntu). Xota hamaseigarren da, azkena, punturik gabe. Laugarren jardunaldian Magna Xotak sailkapenean zazpigarren den Sur Seeds El Ejido izango du aurkari urriaren 4an Andaluzian jokatuko den partidan (16:30).