Liga Prime Futsaleko irekiera faseko hirugarren jardunaldian makilkada gogorra jaso zuen Magna Xotak Almerian, 9-1 galdu baitzuen Sur Seeds El Ejido taldearen kontra. Talde andaluziarrak sekulako efizientzia erakutsi zuen hasieratik; Xotako jokalari ohi Geraghtyk 3. minuturako mustu zuen El Ejidokoen markagailua, Aimar Iraurgik zorigaiztoko jokaldi batean ate propioan gola sartu eta 9. minutuan Mati Rosak sartutako golari esker 3-0 aurreratu zen El Ejido. Josu Mendiveren golari esker 3-1 hurbildu zen Magna Xota, baina atsedenaldirako 4-1eko errenta zuen El Ejidok. Bigarren zatian Moreninek atezain-jokalariaren formularen alde egin zuen, baina El Ejidoren presioa erabatekoa izan zen eta, azkenean, 9-1 erori zen Xota, merezi zuena baino zigor gehiago jasota. Denboraldi gogorra du aurretik talde irurtzundarrak.
Partida bukaeran argi eta garbi nabarmendu zuen Morenin entrenatzaileak: “partida gutxi egon da, eta gaizki lehiatu gara, bereziki lehen 10 minutuetan. Taktikoki eta fisikoki gailendu gaituzte. Laugarren jardunaldian gaude eta ikasten jarraitzea, ez dago besterik”.
Hurrena, Barça
Sailkapenean Illes Balears Palma Futsal da liderra (12 puntu) eta Magna Xota hamaseigarren da, azkena, punturik gabe. Bosgarren jardunaldian Magna Xotak 10 punturekin sailkapenean hirugarren den Barça du aurkari Bartzelonan, urriaren 10ean jokatuko den partidan (21:00, DAZN Espana).