Irurtzundar bati etxegabetu eginen dutela jakinarazi diote

Guaixe

Irurtzungo ikuspegia. ARTXIBOA

Desokupazio enpresa bateko kide batek jakinarazi zion. 

Gizonezko irurtzundar bati desokupazio enpresa bateko kideek lastailaren 1ean, sotegunean, esan zioten "bere kabuz" etxetik alde egiten ez bazuen, hurrengo egunean itzuli, atea bota eta pisua hondatuko ziotela. Hala jakinarazi du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Gaineratu dutenez, aurreko egunetan bere etxe ondoan jazarri zuten desokupazio enpresakoek irurtzundarra. 

Sakanako Ernaik Adaniak irurtzundar bat "etxerik gabe uzteko duen asmoa" salatu du. Horrekin batera, Sakanako Ernaik Adaniak "eskuadrista faxistak erabiltzea" salatu du. "Ez dugu faxistarik, ezta etxegabetzerik nahi", adierazi du Sakanako Ernaik. "Etxebizitzak egiturazko herri erantzun bat behar du, gure eskualdeen egoerari erantzungo diona. Gazteen esku dago gure eskubideen alde borrokatzea". Antolatzeko deiarekin batera, Sakanako Ernaik Etxarri Aranazko plazan mobilizazioa deitu du gaur, lastailak 5,  19:00etan. 

Salaketa gehiago
Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista azaldu duenez, pisuaren jabea Adania enpresa da. Irurtzundarrak alokairu kontratua 2018ko irailean sinatu zuen. Ordutik dagozkion kuotak hilero ordaindu ditu. Adaniak ahoz komunikatu zion ez zuela kontratua berritzeko asmorik, baina "ez dute etxegabetze prozesurik abiatu maizterraren kontra". Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez, "Adania Nafarroako etxejaberik handiena da, 2026ko maiatzeko datuen arabera, soilik Nafarroan 632 etxe ditu jabetzan". 

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak nabarmendu duenez, "ezin dela onartu desokupazio enpresen jarduna normalizatzea. Ezin dugu onartu, langile-klaseko sektorerik pobretuenek etxebizitzaren arloan duten babes eskasa guztiz desagerraraztea ekarriko lukeelako, eta haien eskutik ideia arrazista eta klasisten hedapena datorrelako". Gaineratu dutenez, "desokupazio enpresen jarduna normalizatzea ezin dugu onartu, eskuadrismo faxistari ez zaiolako lekurik utzi behar gure kaleetan, horrek gure eskubide sozial eta politikoen desagerpenerako baldintzak jarriko lituzkeelako". Azkenik, gaineratu du, ez dela onargarria "ahoa etxebizitza eskuragarriarekin betetzen duten enpresak, instituzio publikoen partetik milioika euro jasotzen dituztenak, pertsona zaurgarriak etxegabetzen aritzea, are gutxiago mehatxu eta hertsapen mekanismoen bitartez". Beraz, egon daitezkeen mobilizazioetan parte hartzera deitu du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.