Liga Prime Futsaleko irekiera faseko bosgarren jardunaldian Magna Xotak Bartzelonan jokatu zuen, Barça ahaltsuaren kontra. Talde kataluniarrak hasieratik duen ofentsiba potentziala erakutsi zuen, eta lehen zatian bideratu zuten partida. Partidaren zailtasunaren aurrean, nafarrek arriskua sortzeko zenbait aukera izan zituzten, eta partida bukaerara arte lehiatzen saiatu ziren.
Partida hasi eta berehala gauzak oso zail jarri zitzaizkion Magna Xotari. 2. minuturako Barçak lehen gola sartu zuen, eta berehala iritsi zen bigarrena. Lehen laurdenerako dagoeneko 3-0ko markagailua erakusten zuen Palau Blaugranako markagailuak. Xotak, nola edo ahala, egoerari eutsi zion eta aukeraren bat sortu zuen, baina Barçaren erauntsiari aurre egiteko nahikoa lan izan zuten Moreninen gizonek. Asier Llamas atezainak meritu handiko geldialdiak egin zituen, eta Xotak zenbait aukera izan zituen. Tamalez, atsedenaldia baino lehen Barçaren kontrako laugarren gola iritsi zen.
Bigarren zatian Barçak partidaren kontrola izan zuen. Asier Llamasek lan itzela egin behar izan zuen, baina, hala ere, ezin izan zuen dena gelditu. Berdeak saiatu ziren, baina Barça oso sendoa izan zen erasoan eta defentsan eta, azkenean, 8-0 galduta itzuli ziren irurtzundarrak.
Egutegi hasiera zaila izan du Magna Xotak, talde oso sendoen kontra aritu baita, baina lan egiten jarraitzea eta akatsak zuzentzea, hori da bere helburua. Hala nabarmendu zuen Morenin entrenatzaileak. “Lehen bost jardunaldietan egutegi zaila tokatu zaigu. Barçak plantilla sendoa du eta beti oso zaila da hemen jokatzea. Baloiaren jabetza izaten saiatu gara, baina Barça baloia lapurtzen duen taldea da, eta berari baloia kentzea, ordea, oso zaila da eta gola duen taldea da. Momentu onen bat izan dugu, ez dugu lesiorik izan eta lortutako gauza onekin geratuko gara” azaldu zuen.
Bi astebeteko etena
Liga Prime Futsaleko liderra Illes Balears Palma Futsal da (15 puntu). Magna Xota hamaseigarren da, azkena, punturik gabe. Orain bi asteko geldiunea izango da, Espainiako areto futbol selekzioak nazioarteko konpromisoak dituelako, eta hori taldearentzat ona izango dela uste du entrenatzaileak.
Seigarren jardunaldian Magna Xotak Wanapix hartuko du azaroaren 24an Anaitasunan (16:30, DAZN España).