Nesken lehen maila autonomikoko bigarren jardunaldian Xotak Cascanteko Cantera taldea hartu zuen Irurtzungo Atakondoa pabiloian. Lehen jardunaldian Mendialdearen kontra alde handiz galdu zuten, eta buelta eman nahi zioten. Baita lortu ere. Hala ere partida kontra jarri zitzaien, 7. minutuan Cantera aurreratu zitzaielako, baina ekinean hasi eta 14. minutuan Maialen Aranak bana berdindu zuen. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, baina Ekiñe Aguirrek Xotaren bigarrena sartu, eta markagailuan lehen aldiz aurreratu ziren etxekoak (2-1). Canterak, baina, bina berdintzea lortu zuen eta bi taldeak garaipenaren bila saiatu ziren serio. Zorionez, Maialen Aranak garaipenaren gola sartu zuen 46. minutuan, eta denboraldiko lehen garaipena lortu zuten Xotako neskek (3-2).
Hirugarren jardunaldian Xotak Azkarrena du aurkari urriaren 16an, Caparrosoko kiroldegian (21:00).