Parte hartze aurrekontuetara aurkeztu eta aukeratuak ez diren proiektuak pixkanaka egiteko ohitura du Irurtzungo Udalak. Aurten ere hala gertatu da hilerriko mantentze lanekin, udalak bere baliabideekin kanpo santuaren mantenu egokirako hobekuntza lan batzuk egin ditu. Hala jakinarazi du Unai Razkin Iriarte alkateak. Alde batetik, igeltserotzako konponketak egin dira izkina eta pasaguneetan, eta hainbat margotze lan: nitxoen pareta, barruko baranda, sarrerako atea. Hilerrian bada gelatxo bat, zeinetan erabiltzaileendako tresnak dauden: aitzurrak, ureztatzeko tresnak... Gela hori garbitu eta txukundu egin du udalak. Gainera, erabiltzen ez ziren trasteak kendu egin ditu udalak. Ur hartuneak ere txukundu dituzte. Egitekoen artean daude hutsik dauden horma hobiak ixtea, zaborra bertan ez pilatzeko.
Bestetik, Irurtzungo Udalak hilerrian dozena bat kolunbario gehiago jarri ditu. Horretara 10.000 euro bideratu ditu. Razkinek azaldu duenez, "aurretik bazeuden, baina ia beteta zeudenez, gehiago jarri ditugu. Orain jende gehienak gorpuak erraustu egiten ditu, ia inork ez du lur ematen. Panteoiak dituztenak behar bada. Izan da kasurik, senideren bat hil eta horma hobian zegoen zerraldoa atera dutenak biak erre eta kolunbarioan jartzeko", jakinarazi du alkateak.
Irurtzungo Udalak aurtengo zergak bere horretan mantentzea erabaki zuen. Bi salbuespenetako bat hilerriko zerbitzuengatik ordaindu beharrekoa izan zen. Enpresa batek egiten ditu lan horiek eta udalak ordaintzen duenera hurbiltzeko zerga igo egin zuen.