Desokupazio enpresen jarduna ezin dela normalizatu azpimarratu dute

Guaixe

Desokupazio enpresen kontra egindako bilkura. UTZITAKOA

Etxegabetu nahi duten irurtzundar batek bitan jaso ditu desokupazio enpresa bateko kideen bisitak. 

Sakanako Kontseilu Sozialistak deituta, desokupazio enpresa faxitsak kanpora! Adaniak eta Balkanguardek irurtzundar bat etxegabetu nahi dute leloa zuen kontzentrazioa egin zen Irurtzunen lastailaren 14an. Protesta bilkura horren bidez 2018tik pisu batean bizi den irutzundar batek Balkangroup desokupazio enpresaren bi bisita izan dutela salatu dute. Adierazi dutenez, irurtzundarrak ez du etxegabetze prozedurarik martxan. 

Kontseilu Sozialistako kideek aipatu enpresa "faxista" dela eta bere kideak "matoiak" direla azaldu zuten. Azaldu zutenez, haien egitekoa "diru truke jende zaurgarria mehatxu eta jazarpenaren bidez etxegabetzea" da.  Gaineratu zutenez, "desokupazio enpresa faxista diogu, ez soilik ideologia esplizituki erreakzionarioak dituzten kideek osatzen dutelako, haien sare sozialetan publikoki mezu klasista, arrazista eta matxistak zabaldu egiten dituztenak". Kontseilu Sozialistako kideek gaineratu zuenez, enpresa horiek "faxismoak historikoki bete duen funtzio berdina betetzen dute: behekoak kriminalizatzea goikoen mesedetan. Hau da, langile klasearen pobretzea eta etxebizitzaren arazoa geroz eta nabarmenagoak diren krisi garaietan, jende zaurgarrienari botatzen diote gure gaitzen errua, gure miseriaren benetako erantzuleak diren esplotatzaile eta espekulatzaileen aurka jo ordez". 

Aipatu enpresek beraien izenean “desokupazio hitza daukate, baina haien kriminalizazioa maizterretara ere hedatzen dute". Kontseilu Sozialistako kideen azpimarratu zutenez, "azken batean, etxebizitzaren negozioa da defendatzen dutena, horretarako mertzenario lanak eginez gizarteko sektorerik pobretuenen kontra".

Kontseilu Sozialistako kideek nabarmendu zutenez, "desokupazio enpresa faxista hauei aurre egin behar diegu, haien jarduna ez dadin normalizatu". Horrekin batera, "adi egoteko" deia egin zuten. "Desokupazio enpresako kideak agertuz gero, mezua zabalduko dugu ahal duen jende guztia bertaratu dadin. Zenbat eta gehiago izan, orduan eta azkarrago egingo dute ospa". Mezua zabaltzeko deia egin zuten. Eta antzeko egoeran dauden pertsonen berri badute etxebizitza sindikatu eta antzeko kolektiboetara bideratzeko eskatu zuten. Izan ere, "enpresa hauek jendearen bakardadeaz eta ezjakintasunaz aprobetxatzen dira, baina jende antolatuaren aurrean kikiltzen dira".

Etxejabeaz
Balkangroupek bere bizitokitik aterarazi nahi duen maizterra Adania enpresari alokatutako babes ofizialeko etxebizitza batean bizi da. Kontseilu Sozialistakoek azaldu zutenez, "Adania Nafarroako etxejaberik handiena da, 1.000 etxebizitza inguruekin, bere filialak aintzat hartzen baditugu. Jatorriz sakandarra den Lizarraga familiak kontrolatzen du enpresa: espainiar estatuko 500 aberatsenen artean dagoen familia". 

Gaineratu zutenez, "etxebizitzaren alorrean Nafarroako Gobernuaren partetik diru publiko gehien jasotzen duen enpresa da Adania, aurreko pelotazo urbanistikoen garaian poltsikoak erruz bete zituena. Etxebizitza eskuratzeko ditugun zailtasunen erantzule zuzenetako baten aurrean gaude. Hori da desokupek defendatzen dutena". Halako enpresa batek "matoi faxistak" kontratatzea salatu zuten bilkuran. Aldi berean, Kontseilu Sozialistako kidek "instituzioen konplizitatea" salatu zuten: "zertan ari da Nafarroako Gobernua, desokupa faxistak kontratatzen dituen enpresa bati milioika euro ematen badizkio?"