Izugarri kostata, baina azkenean iritsi da denboraldiko lehen garaipena. Magna Xotak Wanapix Sala Zaragoza taldea hartu zuen Anaitasunan, arerio zuzena, eta exijentzia handiko partidan Liga Prime Fustaleko Irekiera faseko lehen hiru puntuak lortu zituen. Horri esker, azkeneko postua Zaragozako taldeari utzi dio Xotak, eta orain azken aurrekoa da, 3 punturekin. Talde berdeak poztasun handiz ospatu zuen garaipena, bost jardunalditan galdu eta gero, irabazi beharra zutelako eta hiru puntuak merezi zituztelako, liga gogor honi aurre egiteko.
Talde irurtzundarrak oso motibatuta hasi zuen lehia eta mina egiteko espazioak aurkitu zituen. 10. minutuan Ion Cerviño irurtzundarrak lehen gola sartu zuen, eta minutu bat geroago Marc Campàsek bigarrena. Magna Xota ederki ari zen etxean, zaletuen babesarekin, eta giro eder horretan iritsi zen Xotaren hirugarren gola, Ion Cerviñok lortutakoa. Zaragozako taldeak aldea murriztu zuen (3-1) eta Asier Llamas atezainaren lana ezinbestekoa izan zen Aragoikoen erasoak zapuzteko. Xotak erasoan jarraitu zuen eta Cerviñok eta Mendibek duten lotura berezia agerikoa izan zen: Mendiberen asistentziari esker Cerviñok bere hirugarren gola eta taldearen laugarrena sartu zuen atsedenaldia baino lehen, eta Magna Xota aldeko 4-1ekoarekin joan zen atsedenaldira.
Bigarren zatian Wanapix taldeak gehiago estutu zuen eta defentsan lan handiagoa egin behar izan zuen Magna Xotak. 4-2 gerturatu ziren Zaragozakoak. Asier Llamasek beste geldialdi garrantzitsu batzuk egin zituen, eta taldea sostengatu zuen. Bukaeran Wanapix-ek atezain jokalariaren formularen alde egin zuen eta 37. minutuan 4-3 gerturatu zen. Magna Xotak erantzun beharra zuen eta hala izan zen. Seigarren faltarengatik Wanapixeko Richi Felipek kantxa utzi behar izan zuen. Marc Campàsek ez zuen penaltia huts egin eta 5-3koa ezarri zuen markagailuan. Wanapixek ez zuen etsi eta 5-4 gerturatu zen, baina Ion Cerviño adi egon zen, baloi bat lapurtu eta bere laugarren gola egin zuen. 6-4, lehen garaipena emozio handiz ospatu zuten jokalari berdeek. Bazekiten aurtengo denboraldia oso zaila izango zela, baina lehen garaipena iritsi da, eta beste aldarte batekin jarraituko dute aurrera.
Entrenatzailea, pozarren
Partida bukaeran Gonzalo Iglesias “Morenin” Magna Xotako entrenatzailea pozarren zegoen. Etxean jokatzearen garrantzia nabarmendu zuen, zaletuen babesa eskertuz. “Etxean jokatzeak animo gehiago ematen digu. Garaipenagatik oso pozik gaude” aitortu zuen. Teknikari galiziarraren ustetan “lehen zati ona egin dugu, taldea oso serio aritu zen”. Hala ere, oraindik hobetu beharra dutela nabarmendu zuen. “Bost faltak egitera azkar iristen gara eta horietako batzuk ekidin zitezkeen. Zenbait gauza zuzendu beharra dugu, baina garaipenetik errazagoa da horiek lantzea”. Bigarren zatia “oso luze” egin zitzaiela adierazi zuen, eta“erresistentzia ariketa erraldoia” izan zela. Bukatzeko, lehiatzeko eta puntuatzeko “dena” emango dutela argitu zuen: “lanean jarraituko dugu helburua lortzeko: lehen mailari eustea”.
Hurrena, Noia Portus Apostoli
Liga Prime Futsaleko Irekiera faseko liderra Illes Balears Palma da (18 puntu). Garaipenari esker Magna Xotak azken postua utzi du eta azken aurrekoa da, hamabosgarren (3 puntu). Datorren jardunaldian Magna Xotak sailkapenean hamargarren den Noia Portus Apostoli hartuko du Anaitasunan