Ohi baino beranduago, urriaren 27an aurkeztu du bere burua Magna Xotak, Anaitasunako instalazioetan. Xotako presidente Asier Cotelorekin Nafarroako Futbol Federazioko lehendakari Jose Maria Gaston, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari Jorge Agirre eta Iruñeko Udalaren ordezkari Iñigo Gomez izan ziren. Zailtasunak zailtasun, aurten Liga Prime Futsal izena hartu duen lehen mailari eusteko konpromiso sendoa erakutsi zuen taldeak eta klub irurtzundarrak bizitako egoera latzaren aurrean zaleetatik jasotako babesa “bihotzez” eskertu zuen.
Gonzalo Iglesias “Morenin” entrenatzailea argi mintzatu zen. “Taldearen errealitatea dena da, uste dut denok oso argi dugula”. Talde oso gaztea prestatu beharra du, baliabide eta tresna urriekin. Hala ere, denboraldiko lehen garaipena lortu du Magna Xotak, eta horrek airea eman die. “Inork ez zuen pentsatzen denboraldian partida bat irabaziko genuenik, bada, hori lortu dugu, eta horrek lan egiteko gogoa ematen digu, eta, batez ere, Gabonetara bizirik iristeko ahalegina egiteko bultzada". Zenbait akats konpondu omen dituzte, baina argi dute zertan hobetu beharra duten, baloiaren jabetza, partida gehiago kontrolatzeko, eta defentsa”.
Jokalariek gogotsu daudela adierazi zuten. Lehen garaipenak animoa eman die. Asier Llamas, Xotako kapitainak, hala adierazi duen. "Erronka bat dugu aurrean, aurrekoen antzik ez duen denboraldia da, eta talde gisa eta banaka lan handiagoa egin behar dugu. Oraindik bide luzea dugu aurretik, baina egunez eguneko gauzak ikusten dira, jokalariak jokoaren eredura konektatzen dira eta hori partidetan pixkanaka ikusten ari da".
Lehen mailari edo Liga Prime Futsal mailari eusteko “ahal duten guztia” egingo dutela nabarmendu zuten jokalariek. “Magna Xota desagertzear egon da, baina kidetasun-sentimendu sakon bati esker gure ametsak aurrera jarraitzen du. Esan ohi den bezala, ez gara benetan jabetzen daukagunaz, galtzeko zorian gauden arte. Milesker zaleei eta lagundu gaituzten guztioi” adierazi zuen presidente Asier Cotelok.
Magna Xota 2026/207
Xotako jokalariak: Asier Llamas, Alan Rojas, David Vatamaniuc, Ion Cerviño, Franco Grillo, Josu Mendibe, Shunta Uchida, Joaquin Exposito, Miguel Planillo, Marc Campás, Javi Larrea, Julen Fernandez, Oinatz Zabarte, Aimar Iraurgi eta Bruno Petry.
Teknikariak: Gonzalo Iglesias “Morenin” entrenatzailea, Roberto Martil bigarren entrenatzailea, Iker Cerviño prestatzaile fisikoa, Naroa fisioterapeuta eta Jesus Galera laguntzaile edo tresnazaina.