Irurtzungo Udalak jakinarazi duenez, gazteek neguko igandeetan Atakondoa kiroldegia eta Bi Ahizpe frontoia erabiltzeko aukera izanen dute. Erabaki horrekin "gazteen artean kirola eta aisialdi osasungarria bulkatu nahi dugu", azaldu du Unai Razkin Iriarte alkateak. Gaineratu duenez, bi kirol azpiegiturak "kirola egiteko azaroaren 1etik eta apirilaren bukaeraraino egonen dira erabilgarri, 16:00etatik 20:00etara, igande guztietan". Gehienez ere ordu eta erdiz erreserbatzeko aukera izanen dute.
Alkateak azaldu duenez, "eskaintza Irurtzunen erroldatuta dauden 16 eta 22 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Gehienez ere ordu eta erdiko erreserba egin dezakete, eta dohainik". Hori kontuan izanda igandero hiru ordutegi daude aukeran: 16:00etatik 17:30era, 17:30etik 19:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. Razkinek zehaztu duenez, kiroldegia erreserbatzeko gutxienez zortziko taldea egon behar du. Pilotalekuaren kasuan, berriz, bi gaztek erabiltzeko aukera izanen dute.
Erreserbak egiteko gazteek 633 62 85 22 (Felix) telefono zenbakira hots egin beharko dute ostiral edo larunbatetan 16:30etik 18:30era. Arduraduna da erreserbak jaso eta antolatuko dituena. Bera ere igandeetan han ibiliko da. Razkinek jakinarazi duenez, "eskaintzaren arau zehatzak jaso dituen bandoa zabaldu dugu".
Gaztetxokoa
Aisialdi osasungarria helburu duen beste azpiegitura bat da gaztetxokoa. Alkateak jakinarazi duenez, ikasturte honetan azaroaren 28an zabalduko ditu ateak. Irurtzungo gaztetxokora 12 eta 16 urte bitarteko (6. mailatik DBHko 4. maila arte) gazteak joan daitezke: ostiraletan 17:00etatik 22:00etara eta larunbatetan 17:00etatik 22:00etara. Han sartu ahal izateko bazkide egin behar dira gazteak. Izen ematea udaletxean egin behar da eta 20 euro ordaindu beharko dira. Egoera zaurgarrian dauden familiak %75eko hobari bat izan dezakete zerbitzua ordaintzerakoan. Hori egiaztatzeko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txostena beharko dute.
Gazte egoitzan bi hezitzailek lan egiten dute, haien funtzioa gazteak laguntzea eta gidatzea da. Horrekin batera, egingo diren ekintzak dinamizatuko dituzte taldearen erabakiak, beharrak eta motibazioak kontutan hartuta. Gazte Txokoari buruzko informazio gehiago nahi duenak udaletxera (948 500 051) edo Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera (948 600 694) hots egin dezake.