Areto futbola

Magna Xotaren bigarrena

Maider Betelu Ganboa

Talde irurtzundarrak emozio handiz ospatu zuen denboraldiko bigarren garaipena. XOTA

Talde irurtzundarrak Noia Portus Apostoli hartu zuen mendean eta urrezko beste hiru puntu lortu ditu Liga Prime Futsaleko Irekiera faserako.

2026/2027 Liga Prime Futsaleko Irekiera fasea ez zen batere ongi hasi Magna Xotarendako. Izandako arazoengatik taldea sortu izana ere miraria izan zen eta jokalari ia gehienak galduta, talde gazte berriarekin egin behar izan zion aurre denboraldiari. Aurten Xotak garaipenen bat lortzea oso zaila, ia ezinezkoa izango zela zioten askok, baina hasiera gogorraren ondoren –ligako lehen bost jardunaldietan ligako talde indartsuenen kontra galdu egin zuten– aurreko astean lehen garaipena iritsi zen Wanapixen kontra, eta azaroaren 1ean Anaitasunan jokatutako partidan bigarren garaipena segidan lortu du talde irurtzundarrak, Noia Portus Apostoliri 4-3 irabazi eta gero. 

Bi taldeen arteko partida oso sutsua izan zen, eta azken segundoetan erabaki zen. Partida hasi eta berehala Josu Mendivek mustu zuen markagailua, Xotaren aldeko 1-0koa ezarriz. Talde berdeak partidaren ekimena izaten jarraitu zuen eta 8. minutuan Aimar Iraurgik bigarren gola sartu zuen kontraeraso bat bikain probestuz (2-0). Hala ere, Noiak ongi erantzun zuen eta atsedenaldirako bina berdintzea lortu zuen (2-2). 

Bigarren zatian gogotsu hasi ziren berdeak. Gol aukerak sortu zituzten, baina Ion Cerviñoren eta Mendiveren jaurtiketak zurtoinarekin egin zuten topo. Asier Llamas atezainak, bestalde, ezin hobeki zaindu zuen Xotaren atea. 29. minutuan Marc Campàsek baloi bat errekuperatu eta gol ederra sartu zuen, Xota aurreratuz (3-2). Noiak atezain-jokalari figura erabili zuen, eta nahiz eta hasieran galiziarren erasoak ongi erantzun, azkenean Noiak hiruna berdintzea lortu zuen (3-3). Baina Magna Xotak ez zuen etsi, eta partida despeditzeko 42 segundoren faltan Mendivek laugarrena sartzea lortu zuen, garaipenaren gola (4-3), Anaitasunan bildu ziren zaleen gozamenerako. Bigarren garaipena lortuta, Magna Xotak mailari eusteko borrokan segitzen du. 

Magna Xotako teknikari Morenin pozarren zegoen partida bukaeran. “Garaipen sufritua izan da, baina mailari egokitzen ari gara eta egunero lehiakorragoak gara” azaldu zuen, irribarretsu. “Taldea asko gustatu zait. Nahiz eta gu aurreratu eta eurak berdindu, taldeak ongi erantzun du, gol aukerak sortuz eta nortasunarekin jokatuz. Gauza asko ditugu lantzeko, baina orokorrean oso ongi lehiatu gara. Sei puntu ditugu, pozik gaude eta garaipen honek oraindik konfiantza gehiago ematen digu” gaineratu zuen. “Egiten ari garenean sinistu beharra dugu; lehiakorrak bagara irabazteko aukera izango dugu. Gure buruan sinisten jarraitzea, hori da garrantzitsuena”. 

Hurrena, Inter
Illes Balears Palma Futsalek jarraitzen du Liga Prime Futsaleko Irekiera faseko lider (21 puntu), 5 puntura Barça eta Jaen Paraiso Interior dituela. Magna Xota hamahirugarren postura igo da (5 puntu). Hurrengo partida azaroaren 14an jokatuko du talde irurtzundarrak, sailkapenean laugarren den Inter JP Financial taldearen kontra, Madrilen (17:00).