Imanol Arregi lehen mailako ligara itzuli da. Liga Prime Futsal mailako Catgas Energia taldeak fitxatu du entrenatzaile irurtzundarra, Santa Colomako taldeko ardura har dezan. Xota taldea 23 denboraldiz gidatu eta gero, atzerrian aritu zen teknikari irurtzundarra, Japonian eta Kuwaiten, eta aurreko denboraldi bukaeran Osasuna Magna Xotaren ardura hartu zuen azken txanpan, taldea lehen mailari eusteko une delikatuan zegoenean. Lehen mailari eusteko helburua lortu eta berehala, Ramon Lazaroren kasuak eztanda egin zuen eta une larriak bizi izan zituen Xotak.
Catgas Energia taldea ez dago bere unerik gozoenean. Liga Prime Futsaleko Irekiera faseko sailkapenean hamabosgarren da talde kataluniarra (2 puntu) jokatutako zazpi jardunaldietatik bost partida galduta eta bi berdinduta. Beraz, Imanol Arregik ez du lan erraza izango. “Imanol Arregiren iritsiera klubak egiten duen apustua da, gauden egoerari buelta emateko. Berak hazi nahi duen proiektu bati esperientzia eta lidergoa ekarriko dio”.
Azaroaren 15ean Catgas Energiak hirugarren den Jaen Paraiso Interior hartuko du, eta partida zaila du aurretik teknikari irurtzundarrak. Atzo, azaroaren 9an, bere lehen entrenamendua gidatu zuen eta gaur, azaroaren 10ean aurkeztuko dute Pavelló Noun.