Astekaria

Eraldaketa gunea

Erkuden Ruiz Barroso

Irurtzungo Dinabide Nafarroako Eraldaketa Digitalerako Gunea.

Dinabide mustu zutela bost urte bete dira. Nafarroako Eraldaketa Digitalerako Gunean teknologia, coworkina eta enpresekiko harremana nabarmentzen dira.

Irurtzungo Inasa zenaren eraikinean Dinabide Nafarroako Eraldaketa Digitalerako Gunea dago. Sakanako industria etorkizunean izango dena ikusteko "leiho txiki bat" eta elkarlan esparru bat izan nahi duela azaldu du Iker Manterola Matxain Sakanako Garapen Agentziako kudeatzaileak eta guneko sustatzailetako batek. Hortaz, etorkizuneko teknologiak aztertuta fabrikazio gehigarrirako apustua egin zuten. "Abaniko zabal bat dago eta denek izango dute eragina; zeintzuk eragin dezakete gehien, jakinda zerbait hautatzen duzuenean, beste batzuk uzten dituzula". Dena dela, tailer bat baino askoz gehiago ere bada: Coworking eta enpresen ekosistema bat bada. Enpresekiko harremana nabarmendu, hain zuzen, Fernando Varela Lopez Dinabideko coworker-rak. Dagoeneko bost urte baino gehiago daramatza martxan, etorkizunerako erronka berriei aurre egiten.

Hausnarketa prozesu batetik sortu zen Dinabide. "2016an Sakanako enpesetan ikerketa sakon bat egin genuen eta ikusi zen enpresak nahiko helduak zirela eta teknologia ere oso heldua zegoela. Beste alde batetik, berrikuntzak egiten ziren langileen ezagutzetatik abiatuta; hau da, berritu beharra daukat, eta langileen eskutik egiten dut", azaldu du Manterolak. Garai horretan mahai gainean Industria 4.0 deitutako kontzeptua zegoen, "esanez teknologia asko dabilela hortik; hor daude, ez dakigu zertarako edo nola erabiliko diren".

Teknologia
Sakanako hamalau enpresa nagusienen artean diagnostiko bat egin zuten. Bigarren fase batean hamalau horietako hamarrekin sakondu zuten zer teknologia erabiliko zuten jardueran inpaktu gehien izateko, eta zer izango litzatekeen interesgarria hausnartzen edo probatzen hasteko. "Gehienbat Garapen Agentzian zer teknologia ekarri jakitea interesatzen zitzaigun".

Diagnostiko horretatik ondorioztatu zen ezagutza-maila txikia zela, eta teknologia eskuratzea ez zela nahikoa; izan ere, pertsonak dira teknologia hori martxan jarri eta behar bezala erabiltzea ahalbidetzen dutenak. "Enpresa batek teknologia erosten badu, baina ez badu inor kontratatzen, bazter hutsa batean gelditzen da". Hortaz, ezagutza aurreratu hori kanpotik ekartzen zutela ikusi zuten ere, "bertan aurreratutako teknologiako enpresarik ez zegoen". Eta horri forma ematen hasi ziren.

Dinabide izan zitekeenaren lehenengo urratsak izan ziren: "Behar hauek ditugu, interesa badago, baina oso urrun ikusten zen, eta gerturatzeko beharra ikusten zen". Fabrikazio gehigarriaren aldeko apustua egin zen, enpresetan egindako azterketa horretan inpaktu gehien izan zitekeena eta ulertzen errazena zela ikusten zutelako. "Adimen Arfizialarena bazegoen, baina oso teorikoa zen. Etorriko da, baina ez dakigu nola", eta fabrikazio gehigarria zerbait ukigarria zen; "pieza bat, esaterako, erraz uler zitekeen esparru bat zen". Tailerra teknologia horretara enfokatuta dago.

Fabrikazio gehigarria 3D inprimaketa izenez ezagunagoa da, eta objektu fisikoak hiru dimentsiotan sortzeko prozesuan datza. Inprimaketa egiteko materiala askotarikoa izan daiteke, eta Dinabidera eraman duten azken tresnak metalez inprimatzen ditu piezak.


"Enpresekin gertutasunean teknologia erabiltzea erraztea helburua dugu" IKER MANTEROLA

"Ez gara ikerketa zentro bat, hori oso argi daukagu, nolabait enpresekin gertutasunean teknologia hau erabiltzen hasteko eta teknologia horren aplikazio praktikoak erraztea helburu dugu". Ikerketak ere hartu izan dutela azaldu du Garapen Agentziako kudeatzaileak, "urtero praktiketako ikasleak hartzen ditugu gauza berriak probatzen joateko; baina gehienbat enpresei begira gaude".

Teknologia eta tailerra ez ezik, horri lotutako "hainbat formakuntza" ere badaude, "beti saiatu izan gara formakuntza eta trebakuntzak Sakanan egitea". Dinabideren "hirugarren hanka" coworkinga da, "Sakanan ez dagoen ezagutza aurreratuko enpresak, kanpora joan behar garela bilatzera, hona ekartzera. Fabrikazio gehigarriko ezagutza hori ekartzea interesatzen zitzaigun". Coworking espazio ireki bat sortu zuten. "Ez da nahikoa espazio bat irekitzearekin, honaino etortzeko balio gehigarri bat eman behar duzu. Bulego batera ez dira Iruñetik etorriko. Teknologia erabiltzeko aukera dute, eta Sakanako enpresekin harreman zuzena". Coworking-a bultzatzeko lanetan ari dira, eta CEINarekin lanean ari dira. "Hemen dagoen edozeinek balio gehigarri bat ematen digu".

Coworking
Fernando Varela Lopez Dinabideko coworkerra da. Fisikaria da, likidoen fisika ikasi zuen, eta unibertsitateko irakaslea da. 2021ean NAITECen zeukan lana uztea erabaki zuen, eta ekitea erabaki zuen: "Doktoretza intefasetan eta likidoetan egin nuen, eta infect inpresorekin arte grafikoez gain beste arloetan zabaltzeko proiektua martxan jarri nuen". Infect inpresorak, etxean egon daitezkeenak, industrian asko erabiltzen direla azaldu du, "eta apaintzeko, estaldurak egiteko eta abar inpresorak neurrira egiten ari gara". Azken proiektua elektronikaren munduan erabiltzeko formatu handiko zirkuituak sortzeko inpresora garatzen ari da, Dinabiden.

"Ekiteko ideiarekin nengoenean, aurretik ere zerbait egin izan nuen Sodenaren bitartez, baina nire kontura hasi nintzenean Dinabideren iniziatiba ezagutu nuen. Azken finean, mundu digital honetan honetan denak elkar ezagutzen dugu". Bazekien zerbait mugitzen ari zela. "Ikertzaile gisa ezagutzera etorri nintzen, baina pandemia garaian mustu zen, eta aurrerago elkartuko ginela esan nien". Lana utzi zuenean Irurtzunen "instalatu" zen. "Bilatzen hasi nintzenean, ez nuen ohiko coworking espazio bat nahi, mahai bat eta haren gainean landaretxo bat zuen bulego bat. Tailer bat behar nuen". Varelak gunearen helburuak ere betetzen zituen: "Industria ehuna digitala handitzea; ni baino digitalizatuagoa ez dago".

Dinabide "oso ongi" komunikatuta dagoela esan du Varelak: "Sakanarekin, Iruñearekin, Gipuzkoarekin...". Bertako enpresekin kolaboratzeko aukera dagoela eta beste 3D egiten duten cowoker-rak daudela ere nabarmendu du. "Nik ere 3D inpresorak erabiltzen ditut, baina nire makinetarako piezak egiteko, gehienbat". Pieza "arraroagoak" beste enpresa batzuek egiten dizkiotela gaineratu du. "Harreman hori izatea oso ona da. Badut mekaniko bat hemen ondoan... Asko interesatzen zait hori". Beraz, Dinabidek beste enpresekin elkarlanean aritzeko sor dezake: "Kolaborazioak eta abar. Adibidez, Lakunza Calorrekin gauzak egin ditut, eta elkarrekin ikasten joan gara". Lizarran dagoen zentro batean egongo balitz ere bertako enpresekin harremana izango lukeela esan du, "baina hemen benetan horretarako baldintzak ematen dira".

"Dinabide martxa hobean ikusi nuen. Parte industrial hori inplikatuago dago. Sakanako Enpresarien Elkartea inplikatuta dago, eta Sakanan ere harro egoteko moduko industria ehun osasuntsu bat duzue; enpresa bat erortzen denean, besteek langileak hartzen dituzte". Harreman horiek "osasuntsuak" direla esan du Varelak. Txinan ematen den enpresen arteko konfiantza mailarekin alderatu du, "enpresek badute gertuko enpresekin horren konfiantzarik, ez dutela kanpoan bilatzen nahiz eta merkeago izan". Hori gustatu zitzaion.

Varelak ikusten duen "arazoa" da enpresa gehiago ez egotea, baina horren arrazoia da "jende guztiak lana" duela. "Gaztetxo batek zertarako ekingo du ordutegi ona eta soldata ona baditu? Bestela, etxetik ekiten dute". Ekintzaileei Dinabidera joatea gomendatzen die: "Gehienbat ez delako espazio bat bakarrik, enpresekin harremanetan egoteko aukera ematen baitu. Bizi-bizi izan behar zara, noski, baina toki interesgarria da". Europako beste herrialde batzuetan ere horrelako espazioak dauela gaineratu du, "garatu nahi duten lurraldeetan lehenengo gauza da horrelako zerbait egitea; irudia eta prestigioa ematen diete".


"Oso pozik nago hemen; gertuko enpresekin harreman hori izatea oso ona da" FERNANDO VARELA

"Hemen oso pozik nago". Beste tokiren batean ikasiko ez lituzkeen gauzak ere ikasten duela gaineratu du, "ez nuke metalezko inpresora bat, esaterako, inoiz erabiliko hona etorri arte. Ez nuke inoiz pentsatuko". Makinaria oso garestia da, eta Dinabiden dago eta erabil daiteke. Enpresa bat sortzeko eta martxan jartzeko baldintza egokiak daudela esan du. "Egia da coworking-ean badagoela hasiera bat eta amaiera bat. Proiektuak aurrera egiten badu eta ongi badoa, hau txiki geldituko zait sortzen dudan makina bakoitza oso handia delako eta espazioa beharko dudalako". Bitartean, Irurtzunen jarraituko du.

Erronkak
Bizi propioa izatea da Dinabideko sustatzaileen helburuetako bat, Manterolak azaldu duenez. Horretarako elkarte bat sortu zuten kudeatzaile lana egingo zuena: "Baina mantso joan da. Landu nahi dugu; kudeaketan eragile gehiago sartu eta bere bidea egiten hastea". Aurten Sakanako Enpresarien Elkartea ere Dinabideren dinamikan inplikatu dela gaineratu du, "Adimen Artifizialaren inguruko formakuntza dugu hemen. Konpromiso sakonago batean hasi dira". Formakuntza, cowkorking-a eta gobernantza "indartu" nahi dute, "erronka berrietara moldatu".

Hasierako perspektibak betetzen joan direla azaldu du Garapen Agentziako kudeatzaileak: "Hasieran pentsatzen genituen hainbat gauza azkarrago joan dira, beste batzuk mantsoago eta beste batzuen testuingurua aldatu da". Esaterako, AAren gaia duela bi urte ikusten ere ez zutela egiten esan du, "eta orain AA eta zibersegurtasuna ezinbestekoak bihurtu dira.

2021ean hasi zen Dinabide, aurretik hausnarketa, proiektua eta abarrekin hasi baziren ere, teknologia "oso xumearekin" hasi ziren. "Beti geneukan buruan metalezko fabrikazioarena eta ez ginela iritsiko uste genuen. Nahiko ameslariak izan garenez, aurreko urtean bete genuen". Enpresen aldetik ere harreman hori badutela gaineratu du, "momentu honetan, aurrera begira, coworking-a sustatu behar dugu". CEINaren inplikazio "handiagoa" bilatzen ari dira.