Magna Xotak O Parrulo Ferrol hartu zuen Anaitasunan. Partida erabakigarria zen, eta punturen bat etxean geratzea zen talde irurtzundarraren xedea. Intentsitate handiko partida izan zen, azken unera arte zabal-zabalik egon zena.
Partida hasi eta berehala Vatamaniuc jokalariak Josu Mendiveren pasea jaso eta sekulako jaurtiketa eginda Magna Xota aurreratu zuen (1-0), baina galiziarrek berehala erantzun zuten eta Malagutik bana berdintzea lortu zuen berehala (1-1). Berdinketaren ondotik partida are gehiago suspertu zen eta bi taldeek aukera ederrak sortu zituzten. Asier Llamasek geldialdi bikainak egin zituen. Magna Xota saiatu zen, baina atsedenaldia baino lehen O Parrulo izan zen markagailuan aurreratu zena (1-2).
Bigarren zatian jokalari berdeak berdinketaren bila atera ziren. Aimar Iraurgi altsasuarrak aukera izan zuen, baina atezain galiziarra fin aritu zen. Vatamaniuc jokalariaren kanporaketak Magna Xotaren egoera are gehiago zaildu zuen. Bigarren txartel horia ikusi zuen jokalariak, talde berdeak protestatutako erabakia. Eta egoera korapilatsu horretan iritsi zen O Parruloren hirugarren gola (1-3). Hala ere, Xotak ez zuen behera egin. Asier Llamas atezainak taldea eutsi zuen, geldialdi ikusgarriak egin eta gero, eta gutxika Magna Xotak bere aukerak sortu zituen. Atezain-jokalari formularen alde egin zuen Morenin entrenatzaileak, eta azken minutuak emozio handikoak izan ziren, eta polemikoak ere bai. Eta orduan iritsi zen jokaldi politena: O Parrulok jaurtikitako falta batek Xotaren zurtoinean jo, eta Aimar Iraurgik aldaratzea probestu zuen, baloia lapurtu, pista gurutzatu eta 2-3koa markatzeko. Gol ederrak itxaropena piztu zuen Anaitasunan, baina, nahiz eta azken uneraino saiatu, markagailua ez zen gehiago mugitu eta 2-3 eta epika gauzatzear despeditu zen partida. Taldeak dituen bajak, baliabide urriak eta guztiaren gainetik, Magna Xotak lehiatzeko duen garra erakutsi zuen.
Jokalariek egindako lanarekin harro zegoen Morenin entrenatzailea. “Aste honetan izan ditugun lesioak, David erabaki oso zorrotzarekin kanporatu dute, Aimarri bikia igo zaio partidan... Denetatik pasatu zaigu, eta, hala ere, taldeak bere buruan sinisten jarraitu du eta bukaerara arte bere aukerak izan ditu, eta hori da bilatzen duguna. Taldeari ez zaio 10 jarri behar, 12 baizik”.
Datorrena, Arregiren Catgas
Illes Balears Palma Futsal da liderra (24 puntu) eta Magna Xota hamalaugarren da (6 puntu). Hamargarren jardunaldian talde irurtzundarrak sailkapenean hamaikagarren eta arerio zuzena den Catgas Energia izango du aurkari azaroaren 27an, 21:15ean (DAZN). Imanol Arregi da Catgas Energiaren entrenatzailea, eta Xota lehenengoz lehiatuko da urte luzez bere teknikari izandakoarekin.