Areto futbola

Xota izan zen hirugarren mailan puntuatu zuen bakarra

Guaixe

Xotak Ibararte mendean hartu zuen. XOTA

Hirugarren mailako zortzigarren jardunaldian Altsasu eta Aralar Mendi erori egin ziren.

Areto futboleko hirugarren mailan zortzigarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Ardoi hartu zuen eta bi taldeek sailkapeneko bigarren postua izan zuten jokoan. Partida ongi hasi zen altsasuarrendako, Asier Salgadok 9. minutuan gola sartu zuelako, baina Ardoik 14. minutuan bana berdindu eta 4 minutu ondoren 1-2 aurreratzea lortu zuen. Altsasuarrak partidari buelta ematen saiatu ziren, baina Ardoik hirugarrena sartu eta partida erabakita utzi zuen, 1-3. 

Xotak Ibararte taldea hartu zuen Atakondoan, eta hasieratik partida bideratzen aritu ziren irurtzundarrak. Javier Larreak mustu zuen markagailua, eta atzetik Imad El Ougdiren eta Julen Fernandezen golak iritsi ziren (3-0). Zubirikoek aldea murriztu zuten (3-1), baina Xotak ez zuen sorpresarik izan nahi eta Eneko Pintok eta Oier Amezgaraik partida itxi zuten, 5-1eko garaipenarekin. 

Aralar Mendik Universidad de Navarra hartu zuen Uharte Arakilen. Bi taldeak nor baino nor aritu ziren lehian, baina Universidad-ekoak 0-2 aurreratu ziren. Jon Iribarrenek sartutako golak Aralar Mendi partidan sartu zuen berriz, 1-2, baina Universidadek hirugarren gola sartu zuen eta aukera guztiak zapuztu zituen, 1-3. 

Betelu da hirugarren mailako lider (20 puntu), Xota bigarren postura igo da (18 puntu) eta Altsasu laugarrenera jaitsi da (16 puntu). Bederatzigarren jardunaldian Altsasuk Garbayo Chivite Cintruenigo hartuko du azaroaren 28an (19:00). Xotak Universidad de Navarra hartuko du azaroaren 30ean Irurtzunen (20:30) eta Aralar Mendik Betelu liderraren kontra jokatuko du azaroaren 27an (19:45).