Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Jakina denez, pasa den urtean egindako udal hauteskundeetan aukeratu gabe gelditu zen Sakanako udal bakarra izan zen Iturmendikoa. Iturmendin iazko maiatzeko udal hauteskundeetan bi zerrenda aurkeztu ziren, Sozialista Abertzaleak eta EAE-ANV. Espainiako epaitegiek biak baliogabetu zituzten. Lastailean udal hauteskundeen bigarren deialdia egin zen. Haren aurretik, iturmendiarren artean galdeketa egin zen eta herritar bakoitzak 7 erkideren izena eman behar zuen. Babes gehien jasotzen zuten pertsonek udala osatzea zen asmoa, baina aukeratutako batzuk ez zuten onartu eta, azkenean, ez zen zerrendarik aurkeztu. Bozkatzeko aukerarik gabe gelditu ziren berriro ere iturmendiarrak. 2004 apirilaz geroztik udala kudeatzen zuen batzordeak iazko azaroaren 8an dimititu zuen eta orduz geroztik udalik gabe zegoen Iturmendi. Orain aukeratu den kudeaketa batzordea "galdeketa hartan nabarmendu ziren izenekin osatu" dela jakinarazi digu Nicolas Arbizuk. Berak ere aurreratu digu batzorde kudeatzailea martxan hasiko dela izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero. Heldu den aste bukaerarako bilera egiteko aukera egotea aurreikusten da.