Udalak lehenbailehen egin nahi ditu ur beltzak eta erreketakoak bereizteko lanak

Guaixe 2008ko urtarrilaren 16a

Toki Administrazioko kontseilari Amelia Salanueva Murgialdai kontseilariak asteartean jakitera eman zuenez, Iturmendiko Udalari 53.000 euroko diru laguntza emateko erabaki du. Aurrekontua estaltzeko falta den gainontzekoa udalak jarriko du. Udaletik jakinarazi digutenez, lanak lehenbailehen egin nahi dituzte. EgitekoaBerriki despeditu dira Iturmendin Txorralde, Zirrinkale, Consistorial eta Barrenkale kaleetan saneamendu sareak eta zoladura berritzeko lanak. Horiek baliatuz saneamendu sarea alde batetik eta herria zeharkatzen duten bi erreken lurpeko kanalizazioa egin da. Baina bi sarek hodi berean dute bukaera. Euri asko egiten duenean gainezkoa egiten du ibai inguruan eta ezin da Bakaikuko araztegiraino eraman kalte eginen liokeelako.Hori ekiditeko Pilare ermita inguruko pabilioietako ur beltzak hartzen dituen kolektorea eraikiko da. Hori herriko ur beltzekin kolektore berri batean batuko da. Egungo ur beltzen kolektorea berri horretara bideratuko da. Hala ur beltzak Bakaikuko araztegira eramanen dira. Bestalde, erreketako urak ibaira bideratzeko lanak ere egitea aurreikusten da. Iturmendiko Udalak makinak herrian zeudela baliatuz gobernuari eskatu zion lanak presazkoak zirela izendatzeko, egin beharreko lanak lehenbailehen egiteko. Azaroaren 19an Toki Administrazioko kontseilari Amelia Salanueva Murgialdai Iturmendin izan zen bisitan, egoera bertatik bertara ezagutzeko. UrbanizazioaAbendu hasieran Martzillako enpresa bat, Promotora de la Ribera Navarra S.L., 12 etxebizitza jasotzeko lanak hasi zituen. Bizitza horiek Bakaiku eta Iturmendi lotzen dituen bigarren mailako errepideari perpendikularki eraikitzen hasi dira. Bizitzak launako blokeetan jasoko dira. Erdi-sotoa eta bi solairu izanen dituzte. Haietako 10ek prezio librea izanen dute, bik libre tasatua eta gainontzeko laurak babes ofizialekoak izanen dira. Eraikuntza lanak hasi dira eta, etxe berrietara zerbitzuak eraman ahal izateko, Iturmendiko Udalak aurki abiatu beharko ditu kale berri horretako urbanizazio lanak. Urbanizazio horretan udalarena den lur sail batean etorkizunean babes ofizialeko 4 etxebizitza eraikitzeko aukera izanen da.