Ezkilak bere tokian

Guaixe 2008ko urtarrilaren 21a

GoraEzkila txikia jaitsi eta gero, beste biak igotzeko garaia iritsi zen. Horretarako Urdiaingo Juan Aierbek garabidun kamioia eliz ondoan aparkatu zuen. Abendutik kanpandorrean aldamio egitura prest zegoen ezkilak han jaso eta guztia lotzeko. Azken bi asteetan eliz barruan sartuta egon diren ezkilak kalera atera zituzten. Handiena, herrira ematen duena, igo zuten lehenik. Garabira katez lotu eta Juanek lurretik gidatuta ezkila kanpandorre parean karri zuen. Ezkila kanpandorrera sartzeko garabi gidaria gora igo zen eta bertatik bertara ezkila erraztasun osoz sartu zuen kanpandorrean. Ezustekorik gabe, lana bederatzietarako despeditu zuten. Behin goian, ezkila katez ardatzera lotu zuten. Martxa hartuta bigarren ezkila ere berehala igo zuten eta katez lotu. 9:30era lan handienak despedituta zeuden. Dozena erdi bat herritar goiz hurbildu ziren eliz ingurura lanak ikustera. Zenbait gauza txukundu, eta Aritzaga elkartean gosaltzera bildu ziren lanean aritu zirenak, honakoak: Juan Mari Lanz aita-semeak, Esteban Azpiroz, Juan Ramon Galartza, Nicolas Arbizu, Luis Gabirondo, Juan Aierbe, Antonino Zufiaurre, Manuel Martinez de Ordoñana, Jesus Mari Galartza eta Fernando Razkin apaiza. Indarrak berritu eta gero, kanpandorrean jarrita zuten egitura kendu zuten. Eguerdian errepika egin zuten probatzeko, baita domekan ere, meza aurretik eta emaitzarekin "pozik" gelditu ziren. Kultura Departamenduko aditu bat ere egon zen Iturmendin ezkilak begiratzen. Bestalde, larunbatean lanean aritu zirenek gogora ekarri zuten ezkilen konponketa gastu guztiak estaltzeko oraindik ere 3.000 euro inguru falta direla, eta laguntza eskatu zuten.